epaitegiak

Abian da maiatzean epaituko dituzten lagunen aldeko kanpaina

2010eko irailean atxilotu eta inkomunikatu zituzten, Ekineko zuzendaritzako kide izatea leporatuta. Tortura gogorrak salatu zituzten. Kanpainaren bideoa. [Youtube]https://youtu.be/0ODZHPDV_CY[/Youtube]

Maialen Unanue
2016ko martxoaren 16a
16:37
Entzun

Basques Lives Matter (Euskal herritarren bizitzek axola dute) lelopean hainbat ekinbide egingo dituzte maiatzaren 17an 8/2013 sumarioan epaituko dituzten bederatzi lagunen alde. 2010eko irailean atxilotu zituzten, Ekineko zuzendaritzako kide izatea leporatuta: Urko Aierbe, Joxe Aldasoro, Aniaiz Ariznabarreta, Sandra Barrenetxea, Erika Bilbao, Eneko Compains, Ugaitz Elizaran, Egoitz Garmendia eta Rosa Iriarte. Inkomunikatu egin zituzten, eta torturak salatu zituzten: tortura haien bidez egindako autoinkulpazioak oinarri hartuta epaituko dituztela salatu dute.

Eleak mugimenduak lagunduta egingo dute kanpaina. Zigor Oleaga taldeko kideak salatu du bederatzi eta hamabost urte arteko «espetxealdi luzeak» eskatu dizkietela auzipetuei. Epaiketa horrekin, «disidentzia eskubidea berreskuratzeko aukera eta ardura» dutela azpimarratu du. Izan ere, salatu dute auzipetuen aurkako prozedura «legez kanporatzeen eta dena ETA da politikaren» beste ondorio bat baino ez dela. Ohartarazi du, gainera, ETAren jarduera behin betiko etenda egonda ere —«nahiz eta hori izan neurri horien beharra justifikatzen omen zuen arrazoia»— salbuespen neurriak indarrean daudela oraindik. «Berdin zaigu zer leporatzen zaion edozein pertsonari: inor ezin da epaitua izan salbuespenezko legedi eta epaitegien pean, zuzenbidearen aurkakoak direlako eta ez direlako zilegiak». Ironiaz, gaineratu du zigor eskaerei eusteko aurkeztutako «froga larriak» bilerak, txostenak, arkatzak, USB txartelak eta abar izan zirela.

Hala, epaiketa egin artean martxan jarriko dituzten ekinbideen berri eman dute. Batetik, instituzio publiko zein eragile sozialekin harremanetan jarriko dira, horien jarrera ezagutu eta eskubide zibil eta politikoen defentsan konpromisoak lortzeko. Jarriak dira harremanetan zenbaitekin, eta datozen asteetan hitz egitea espero dute. Besteak beste, Iruñeko zein Gasteizko parlamentuekin, Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin eta Emakunderekin, Nafarroako eta EAEko arartekoekin eta Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen idazkaritzekin hitz egin nahi dute.

Bestetik, gizartearen babesa eta konpromisoa lortzeko, agiri bat plazaratu eta atxikimendu kanpaina abiatuko dute. Bideo bat ere jarri dute sarean, BLM, 9ak Libre! izenburupean. Auzipetuen jaioterrietako udalekin ere harremanetan jarriko dira, haien aurkako epaiketa salatzeko mozioak onar ditzaten. Ohi bezala, hainbat mobilizazio antolatuko dituzte, tokian tokiko ekintzak eta beste.

Horrez gain, bi konferentzia egingo dituzte EHUko Zuzenbide Fakultatean. Bata torturari buruzko mahai ingurua izango da: apirilaren 27an egingo dute, eta, oraingoz, Paco Etxeberria, Jon Mirena Landa eta Lorea Bilbaok parte hartuko dutela baieztatu dute. Bestea makroepaiketen ingurukoa izango da, maiatzaren 5ean: Iñigo Iruin abokatua izango da parte hartzaileetako bat.

Epairik gabe zigortuta

Rosa Iriartek auzipetuen izenean azaldu duenez, kanpainaren bidez hiru helburu nagusi bete nahi dituzte: «Prozesu honek dakartzan ondorioak ikusaraztea eta salatzea, eskubide zibil eta politikoen defentsa burutzea eta arduraz jokatzeko deia egitea, euskal jendarteari eta eragile politiko, sindikal eta sozialei».

Jasandako «tortura basatiak» salatu dituzte, eta ohartarazi dute horien bidez, autoinkulpazioak ez ezik, beste pertsona batzuk ere inkulpatzea lortu nahi zutela guardia zibilek, «inpunitate osoz». Epairik gabe zigorra ordaintzen «aspaldi» hasi zirela salatu dute: batetik, atxilotuak, inkomunikatuak eta torturatuak izan zirelako, eta, bestetik, ia bi urte eman zituztelako behin-behineko espetxealdian, Euskal Herritik batez beste 500 kilometrora sakabanatuta, horrek dakarren «xahuketa ekonomikoa» eta «ziurgabetasun egoera erabatekoarekin». Eta horrek guztiak auzipetuei zein haien gertukoei eragin diela salatu dute.

Blacks Lives Matter (Beltzen bizitzek axola dute) taldeari egin diote keinua auzipetuen aldeko kanpainarekin. AEBetako beltzen komunitateek lelo hori baliatu zuten polizien gehiegikerien aurka eta oinarrizko eskubideen alde. Auzipetuek «tortura behin betiko amaitzeko, eta eskubide zibil eta politikoen eta, oro har, giza eskubideen defentsa» egiteko baliatuko dute. «Haiek beltzak izateagatik zanpatu zituzten bezala, euskal herritar izateagatik atxilotu, torturatu eta espetxeratu gintuzten, eta euskal herritar izateagatik epaituko gaituzte».

Oinarrizko eskubide zibil eta politikoen defentsa egin dute: «Edozein jarduera politikoren zilegitasuna aldarrikatu nahi dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.