Abian da polizia indarren biktimak aztertzeko legebiltzar ponentzia

EAren ustez, «justizia, egia eta kaltearen erreparaziorako gobernuak hartu behar dituen neurriak zehaztea da helburua»«Historia berridatzi nahi delako», PPk eta UPDk ez dute parte hartuko batzordean

2011ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Indarkeria politikoaren biktimei barkamena eskatzea aztertuko du Eusko Legebiltzarrak batzorde batean. Horrela, polizia indarren eta motibazio politikoko indarkeriaren —eskuin muturreko taldeen— biktima izandakoen aitortza eta eragindako kaltearen erreparazioa izango dute aztergai legebiltzarkideek hilaren 26an egingo duten bileran, irailean lanari ekiteko.

Batzorde hori sortzeko ekimena martxoaren 31n onartu zuten legebiltzarkideek. Ekimenean, gainera, ontzat jo zuten Eusko Jaurlaritzak dekretu bat presta dezan indarkeria politikoaren biktimei diru laguntzak emateko. Hortaz, biktimen aitortza eta kaltearen erreparaziorako neurriei «bultzada eta jarraipena» emateko helburua du batzordeak.

Indarkeria politikoa aztertzeko neurrien artean dago Aralarrek proposatutakoa: kolektibo horri Eusko Jaurlaritzako Patxi Lopez lehendakariak barkamena eskatzea. Eta proposamen horren inguruan hitz egiteko prest azaldu da PSE-EE. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako kide bat deituko du batzordean azalpenak emateko. Ziurrenik, Idoia Mendia Justizia sailburua arituko da Jaurlaritzak azken hilabeteetan gai honen inguruan landu dituen neurrien berri ematen. Baina batzorde horrek badu berezitasun bat: ez dute inor izendatuko batzordearen buru izateko —besteetan egin ohi duten bezala—, adostasuna lortzea errazagoa izan dadin.

EA, gustura batzordearekin

Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkidea gustura dago laster abian izango den batzordearekin.

Hala ere, Agirrezabalek beharrezkoa ikusten du, lantaldearen funtzionamendua egokia izan dadin, «batzordekide guztiek argi izatea biktimen aitortza eta kaltearen erreparazioko Eusko Jaurlaritzak jarraitu beharreko bidea zehazteko sortu dela batzordea». Eta, gainera, biktimei eta giza eskubideen babeserako elkarteei batzordea irekitzeko nahia azaldu du EAko legebiltzarkideak.

Kolektibo horren aitzortza «ahanzturarengatiko barkamen eskaera batekin» batera egitea nahi du Aralarko Aintzane Ezenarrok, eta hemendik aurreraMemoriaren Egunean talde hori ere omendu dadila.

EAJko Iñigo Iturratek, berriz, esan du PPren jarrera «ezkorra» dela; bereziki, alderdiek gai honen inguruan adostasuna lortzeko egin duten «ahaleginarengatik».

PP eta UPDren ezezkoa

Batzordean parte hartzeko ezezkoa eman du alderdi popularrak.PPren ustez, ETA «berridazteko eta haren historia kriminala barkatzeko» sortu da batzordea. Hori bai, Carlos Urkijo legebiltzarkidea izendatu du PPk, batzordeko dokumentaziora sarrera izateko.

UPDko Gorka Maneiroren iritziz, «nazionalisten nahia historia berridaztea da, eta ETA Euskadin izandako indarkerien artean kokatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.