Ezker abertzalearen Abian eztabaida prozesua "fase erabakigarrian" sartu da, behin betiko txostena onartzeko eta hura garatzen hasteko. Joan den azaroan ekin zioten prozesuari, eta datozen egunetan amaituko dute, etzitik asteartera artean hiri eta herrietan batzarrak eginda. Entzute fasearen ondotik Abianeko talde eragileak prestaturiko txostenak %81eko babesa jaso zuen duela aste batzuk, eta oraingo bilkuretan tesi alternatiboak bozkatuko dituzte: bat estrategiari buruzkoa izango da (desobedientzia zibila), beste bat gatazkaren ondorioetakoa (presoen auzia lantzeko antolakundea sortzea proposatu dute) eta antolaketa egiturei buruzkoa izango da erabaki beharreko beste arloa. Aurreko batzarretan %5eko babesa gainditu duten posizioak dira; %10 artean ibili ziren, Abianeko sustatzaileen arabera.
Talde eragileak dio saiatu dela osoko zuzenketa horiek diotena txosten ofizialera egokitzen, baina aipatutako tesien egileek euren testuei heldu diete, eta egunotan bozkatuko dira. Igor Arroyo eta Ohiana Gil de San Vicente talde eragileko kideek azpimarratu dute tesi alternatibo horiek ez direla ezker abertzalearen proiektuari buruzkoak. "Prozesu independentista eraldatzailearen" egitasmoa ezbairik gabekoa da ezker abertzalean, haien esanetan.
Desobedientzia zibilaren aldekoek diote estatuekiko "konfrontazio politiko, sozial eta instituzionala garatu" behar dela. Abianeko txosten ofizialak, "erresistentzia jarduerak agortutzat eman gabe", "egitasmo alternatiboen eraikuntzari" eman dio "nagusitasuna". Presoen eta iheslarien aldeko antolakundea sortu nahi dutenei emandako erantzunean, Abianeko talde eragileak dio ez dela ezker abertzalea estatuen aurrean "konfrontatu" behar duena, "herria baizik", eta presoen-eta agenda ere estrategia independentista batean barruan kokatu du.
Egiturari buruz, lehengo bozketan hiru aukera egongo dira: bederatzi erakundez osatutako ezker abertzalea –Sortu, LAB, Ernai, internazionalismoa, ikasleak, feminismoa, EPPK...–; Sorturen, LABen, Ernairen era herri mugimenduaren "dinamizaziorako" antolakundea; eta, txosten ofizialak dakarrena, Sortu, LAB eta Ernai. Hiruko formularen aukera nagusitzen bada, beste bozketa bat izango da: txosten ofizialak defenditzen du Sortuk izan behar duela ezker abertzaleko erakunde nagusia; beste aukera batek proposatzen du Sorturen, LABen eta Ernairen artean zuzendaritza bat osatu behar dela.
Egunotako batzarretan talde eragileak zer hobekuntza jaso dituen ere aipatuko da: "Euskaratik eta euskaraz", hizkuntz politika berria, "feminismoa ardatz", ekologismoa, laikotasuna, nazio identitatea... Bestelako gai batzuk prozesua bukatu ostean lantzeko utzi dituzte: nazioarteko politikaren argitzea, euskal estatuaren izaera konfederalaren zehaztapena...
Abian prozesua bukatu ostean Sorturen kongresua izango da; ekainerako aurreikusten da. "Une erabakigarria izango da, Sortu delako ezker abertzalearen etxea", esan du Arroyok. Abianeko estrategia ordutik aurrera hasiko dira ofizialki garatzen. Dena dela, Arroyok berak aipatu du dagoeneko hainbat gauza hasiak direla ezartzen; batez ere, funtzionamenduari buruzkoak ("parte hartzea, gardentasuna, militanteen ahalduntzea..."). Gil de San Vicentek adierazi duenez, "parte hartze politikorako etengabeko ariketa erraldoia da hau". Bost mila lagun pasa aritu dira batzarretan, eta euskal presoen ekarpenak ere jaso dituzte, esan dutenez.