ezker abertzalea

Abianeko batzarrek baztertu egin dituzte osoko zuzenketak

Ezker abertzaleak estrategia berritua hasteko sostengua jaso du. Tesi alternatiboen artean desobedientziarenak jaso du babesik handiena: %33koa. Bi aste barru bukatuko dute prozesua.

Abian prozesuan azkeneko egunetan Ibarran egindako batzarra. EZKER ABERTZALEA
enekoitz esnaola
2016ko apirilaren 22a
09:30
Entzun

Ezker abertzalearen Abian prozesuko batzarrek atzera bota dituzte desobedientziari, euskal presoen aldeko antolakundea sortzeari eta zuzendaritza zabaltzeari buruzko osoko zuzenketak, talde eragileak ohar baten bidez iragarri duenez. Haien artean desobedientziarenak jaso du babesik handiena: %33koa. Maiatzaren 7an bukatuko dute Abian prozesua, Durangon militanteekin ekitaldi bat eginda. Orduan jakinaraziko dute estrategia berrituaren behin betiko txostena, eta ondoren Sorturen kongresua izango da.

Duela pare bat hilabete, %81eko sostengua izan zuen Abianeko tesi nagusiak –"akordio zabaletan oinarrituta, aldebakarreko prozesu independentista eraldatzailea"–, eta, azken batzarretako emaitzen ondorioz, ezker abertzalea estrategia berritua hasteko moduan izango da. Hau da: euskal estatuaren bidean, "konfrontazio eskema Euskal Herria versus estatua(k) izatea, eta ez ezker abertzalea versus estatua".

Abian prozesuaren "helburu nagusia" Zutik Euskal Herria (2010) ebazpenak ekarri zuen estrategia aldaketan "seigarren martxa sartzea" da, talde eragileak oharrean esan duenez. "Alegia, duela bost urte adostutako estrategia gaurkotuz, Zutik Euskal Herria-ren potentzial osoa askatzea helburu duen prozesua osatzea".

Azkeneko egunetan Euskal Herri osoan 284 batzar egin dituzte, aurreko batzar sortan %5eko babesa jaso zuten tesi alternatiboak eztabaidatu eta bozkatzeko.

Emaitzak:

Desobedientzia zibila
- Abian: %52ko babesa (estrategiarako gehiengoak osatzeko eredu alternatiboen aldeko hautua).
- Osoko zuzenketa: %33 (desobedientzia sustatzeko proposamena).
- Boto zuria: %15.

Presoen aldeko antolakundea
- Abian: %62 (Sortuk hartzea gatazkaren ondorioen arloa: presoena...).
- Osoko zuzenketa: %20 (presoen aldeko antolakunde bat sortzea, errepresioari aurre egiteko ere bai...).
- Boto zuria: %18.

Antolaketa egitura
- Abian: %66 (Sortuk, LABek eta Ernaik osatutako egituraren aldeko proposamena).
- EhunZango: %1 (bederatzi erakundez osatutako proposamena).
- Herri mugimendua: %20 (Sortuz, LABez eta Ernaiz gain, herri mugimenduaren dinamizaziorako adarra izatearen proposamena).
- Boto zuria: %13.

Zuzendaritza
- Abian: %58 (Sorturen, LABen eta Ernairen artean, Sortu izatea "ezker abertzale osoaren bilgunea").
- Osoko zuzenketa: %20 (hiruren artean zuzendaritza bateratua eratzea).
- Boto zuria: %22.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.