"Ur ugari edan, egarria ez izan arren". Halako gomendioekin hasi du eguna SOS Deiak larrialdi zerbitzuak. Gaurko iragarpenak ikusirik, bero gehieneko orduak saihesteko, burua babesteko eta kirolik ez egiteko aholkatu du. Haurrak eta adinekoak zaintzeko dei berezia egin du: "Umeak eta zaharrak eguzkitik eta berotik babestu".
Tenperatura altuenak hegoaldean espero dira, eta tenperatura maximoak altuagoak izango dira. Iruñean 38 graduraino egin dezake, eta bertan espero da tenperatura altuena. Hala ere, 36-38 gradu bitartean ibiliko dira hegoaldeko toki gehienak. Gasteizeko iragarpenak 20-37 gradu bitartekoak dira.
Iparralderago ere eguzkia izango da nagusi. Kantauri isurialdean termometroa bero mantenduko da, baina, arratsaldean haizea iparraldera aldatzearekin batera, tenperaturek apur bat behera egingo dute. Hortaz, tenperatura maximoak atzokoak baino baxuagoak izango dira. Bilbo 20-34 gradu inguruan ibiliko da, eta antzeko iragarpenak egin ditu Frantziako Meteorologia Zerbitzuak Maulerako: 31 gradu inguru.
Kostaldean tenperatura aldaketa nabariagoa izango da, giroa apur bat gehiago freskatuko baita. Donostian 19-35 gradu bitarteko tenperaturak iragarri dituzte, eta Baionan termometroa 30 graduraino heldu daiteke. Pirinio aldean, Donibane-Garazi 19-38 gradu inguruan ibiltzea espero da.
Bihar, freskoago
Termometroak behera egingo du bihar, bereziki iparraldean. Goizaldean hego haizea egongo den arren, egunak aurrera egin ahala, haizea iparraldera aldatu, eta arratsalderako tenperaturek behera egingo dute, kostaldetik hasi eta hegoalderantz.
Arratsaldeko tenperaturen beherakada kostaldean sumatuko da batik bat. Aldaketa hori, nahiko drastikoa iragarri dute bertan, eta baliteke arratsalderako enbataren bat egitea. Aldaketa frontea egunaren bukaeran etorriko da, eta euria ekarriko du. Arratsalderako baina, mendebaldetik sartuko diren lainoek aldaketa abisua emango dute.