1999an, Espainiako Gobernuak Erregistro Zibilaren Legearen erreforma egin zuen -ordura arte 1957koa zegoen indarrean-. Horren eraginez, amari eskubidea aitortu zitzaion haurrari lehen abizena emateko, baina hori zehaztu ezean, aitarena lehenetsiko zen beti. Oraingo lege proiektua, beraz, «aurrerapausoa» da Guarrotxenaren iritziz. «Emakumearen nortasuna, izaera eta haren aldeko familia ezagut litezke, eta ez du zertan bere leinua galdu». Dena den, Bilgune Feministako kideak dio legea egite hutsak ez duela gizartearen ohitura aldaraziko. «Agian legea ez da beteko, kontzientziaziorik ez dagoelako. Oso inportantea da kontzientziatze lana».
Hain zuzen ere, aitzineko lege erreformarekin, gutxi izan dira amaren abizena lehenetsi duten bikoteak. Iñigo Susperregik eta haren bikotekideak Errenteriatik (Gipuzkoa) eman dute beren esperientziaren berri. Aukera berria baliatzea erabaki zuten, eta amaren abizena paratu zioten haur jaioberriari, Juanena, «naturaltasun osoz» eta eztabaidarik gabe. Inguru hurbilean ere eduki zuten halako adibiderik. «Bagenekien posible zela, bikotekidearen lehengusu batek amarena hartu baitzuen, eta, gero, haurrari eman baitzion». Susperregik dioenez, umea edukitzekotan zeudela adostu zuten. «Bikotekideak esan zidan haurdunaldiarekin berretsi zuela bere abizena jartzeko nahia, eta ongi iruditu zitzaidan». Guarrotxenaren iritziz ere, emakumeak gizartean duen «funtzio sozial bat» amatasuna denez, ongi iruditzen zaio abizenaren bidez hori onartzea. «Baina abizenak bakarrik ez du bermatuko onarpen hori», zehaztu du.
Lege proiektuaren bertze alderdi garrantzitsu bat da abizen aldaketak egiteko orduan tramite burokratikoak errazteko eta gutxitzeko baliabideen ezarpena. Atal horretan, espreski aipatzen ditu genero indarkeriaren biktimak. Lege proiektua onartuz gero, aurrerantzean Espainiako Justizia Ministerioaren agindu baten bidez abizena aldatzeko aukera izanen dute biktimek, eta haurrek ez dute amaren erasotzailearen deitura eraman beharko. Guarrotxenaren iritziz, neurri hori «oso garrantzitsua» da emakume anitzentzat, baina soilik «anekdotikoa» izan daitekeela iruditzen zaio. «Genero indarkeriarekin daukagun arazoa ikusita, lehentasunak beste eremu batzuetan jarri beharko zituzten».
Dena den, mendeetako usadioa bat-batean aldatzea ez da erraza. «Tradizioak indarra du oraindik. Jendeak normal jarraitzen du gizonezkoaren abizena jartzen», dio Susperregik. Izan ere, 1999ko erreforma indarrean egon arren, 2009an Espainiako Erregistro Zibilean erregistratu zituzten 492.931 haurretatik 1.345ek bakarrik hartu zuten amaren deitura -%0,27k-, Espainiako Justizia Ministerioaren datuen arabera. Indarrean dagoen legearekin, gainera, amaren abizena jartzeko ez da aparteko tramiterik egin behar. «Erregistrora joan eta kito. Ez ziguten azalpenik eskatu ere», azaldu du Susperregik.
Beraz, hamar urtean tramite burokratiko konplexurik bete gabe amaren deitura lehenesteko aukera egon da, baina hagitz gutxi izan dira pauso hori eman duten bikoteak. Guarrotxenak, tradizioarekin batera, «ezjakintasuna» ikusten du horren gibelean. «Bikote heterosexual asko topatu ditut amaren abizena jar zitekeenik ere ez zekitenak». Horregatik, aitzinetik «kontzientziatze lana» egin ezean, Guarrotxenak ez du uste Hego Euskal Herriko gizartean aldaketa sakonik gertatuko denik. «Jendea ez da ez kontra, ez alde jarriko. Erregistrora joaterakoan bete beharreko galdera bat gehiago izango da soilik. Are gehiago, gehiengoak ez du jakingo abizena aukeratu beharko denik ere erregistrora iritsi arte».
Legeak ez du ohitura iraultzen
Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako haur sortu berriek aitaren edo amaren abizena har dezakete sortze egunetik. Horrela agintzen du 2005eko urtarrilaren 1ean indarrean sartu zen legeak. Baionako Herriko Etxeko erroldako arduradunek zehazten dute lau aukera dituztela gurasoen engoitik, aitaren abizena, amaren abizena, aitaren eta amaren abizena bi marratxoz loturik edo amaren eta aitaren abizena bi marratxoz loturik.
Herriko Etxeko arduradunek diotenez, legeak ez ditu urte luzeotako ohiturak aldatu, eta haurren %95i aitaren abizena ezartzen diete. Gainera, kasurik gehienetan, ezkontzen direlarik emazteek gizonaren abizena hartzen dute, eta, ondorioz, hori da haurrei ezartzen dieten abizena.
Kasu anitzetan, gizonezkoak abizen bikoitza ukan dezake. Kasu horretan, bikoteak erabaki dezake amaren zein aitaren abizena ezartzea lehenbiziko, eta bereizteko, bi marratxo ezartzen dira bi abizenen artean. Horrela, abizenen artean bi marratxo daudelarik, bi gurasoenak direla ematen da aditzera, eta marra bakarra dagoelarik, guraso baten izen bikoitzari dagokio.
Haurrak atzerrian sortzen direlarik, Frantziako Administrazioak irizpide berak atxikitzen ditu. Alta, bi gurasoetariko batek frantses nortasuna duelarik, haurraren izena aldatzeko epea hiru urtekoa izaten da. Izan ere, bertze gobernu batek ukan ditzake bertze irizpide batzuk, eta ez onartu Frantziarenak. Geroan ere Frantziako legeak baliatu ahal izateko hautua eskaini nahi diete gurasoei.
Euskal Herri osoan erreformak indarrean paratuz doaz, baina aldaketak ez dira errotu oraindik, eta gizonaren aldeko abizena da nagusi oraindik. Nahiz eta erreformek mugak dituztela uste izan, etorkizunera begira baikor izan nahi du Guarrotxena Bilgune Feministako kideak. «Horrelako gauzekin ez dugu sistema aldatuko, baina aurrerapauso txikiak ematen ari gara».
Abizenak munduan
Portugal eta Brasil. Bi abizen erabiltzen dira. Ofizialki amarena jartzen da lehen tokian, baina praktikan, aitarena erabiltzen da, bai norbera identifikatzeko, bai agirietan, bai bizitzaren bertze edozein arlotan.Herrialde anglosaxoiak. Seme-alabei aitaren abizena jartzen zaie. Amak, gainera, bere abizena galtzen du ezkontzerakoan, baina nahi izanez gero, mantentzeko aukera badu. Irlandan eta Japonian ere ohitura bera dute
Alemania. Abizen bakarra erabiltzen dute. 1993tik ez da aitarena lehenesten. Ezkontzerakoan, ezkontideetako batek bertzearen abizena hartzen du, baina berea manten dezake marratxo batekin bateratuz.
Herrialde eslaviarrak eta Islandia. Aitaren izena abizen bihurtzen dute. Semearen eta alabaren abizenek hondarki ezberdina dute. Adibidez, Errusian Ivanen semea Ivanov izanen da, eta alaba Ivanova; Islandian, Stefanen semea Stefansson izanen da, eta alaba Stefansdottir.
Latinoamerika. Herrialde gehienetan bi abizen erabiltzen dira, eta aitarena lehenesten da. Argentinan, baina, herrialde anglosaxoien eredua dute.
Txina. Aitarena hartzen da nagusiki, baina amarena ere har liteke. Abizena izen propioaren aitzinetik jartzen dute.