Ezker abertzaleko joeren arteko «zatiketa mingarriak» gainditu nahi dituzte Abertzaleen Batasuneko militanteek. Hori jakiterat eman du talde politiko horretako bozeramaile Andde Saint-Mariek. Bozeramaileak erran du oro har «baikor» atera direla egin berri dituzten udako unibertsitateetatik, «aspaldi entzun gabeko hitzak entzun direlako». «Ezker abertzalearen birfundatzeaz» hitz egin dela azaldu du Saint-Mariek. Nahiz eta argi utzi duen guziek oraindik bilanak egin behar dituztela, jakietar eman du udako unibertsitateetan jada «autokritikak» egin dituztela. «Jardunaldi batzuk aipatuak izan dira, espazioaren zabaldu beharra sentitu delako. Hori guzia oraindik sakontzea falta da», adierazi du. Bozeramaileak gehitu du debate denboran Batasuna, AB, EA eta Autonomia Eraiki ados izan direla epe laburrean ez dela «estrukturarik plantan jarri behar».
Konfederazioa
Egun hauetan «ezker abertzalearen konfederazio» baten ideia aipatu da. Saint Marieren esanetan, ideia hori Totte Etxebestek atera du: «Autonomia Eraikiren aspaldiko aldarria da». Abertzaleen Batasunak berak proposamen ideia hori bozkatu zuen iazko biltzar nagusian. Saint Mariek gehitu du AB eta Aralarrek mezu hori zabaldu zutela iazko urte bukaeran, prentsaurreko baten bidez; «Batasunaren partetik ez dugu oraindik erantzunik izan», gaineratu du.
Haren hitzetan, «ezker abertzaleko konfederazio horrek tendentzia guzietako estrukturak batu eta kohesionatuko lituzke». «Zabala eta plurala izango litzateke, hasiera batean kohesionatzeko egina, eta ondoren urrunago joan daiteke». Zehaztu du ez dela pentsatu behar «goizetik biharamunera» jarriko direla denean ados, baina eztabaida guneak eta sakontze guneak sortu behar direla.
EHbai
Abertzaleen Batasuneko militanteek agerian utzi dute ezker abertzaleko joera guzien «elkarguneak» topatzeko gogoa. EHbai-ri dagokionez, adierazi du balitekeela hura izatea elkargune eta sakontze eremu tresna hoberena, baina berrikuntzak behar direla. Nabarmendu duenez, udako unibertsitateko eztabaidetan «izugarri guti» entzun da EHbai hitza.
ABk «zatiketa mingarriak» gainditu nahi ditu
Ezker abertzaleko joeren arteko «konfederazio» baten ideia eztabaidatu dute unibertsitateetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu