Apirilaren 14anGuardia Zibilakegindako operazioa oinarri-oinarritik legez kanpokoa izan zela ohartarazi dute abokatuek. Hamar lagun atxilotu zituzten orduan guardia zibilek Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz; tartean, euskal presoen defentsa lanetan aritzen diren Arantza Zulueta, Jon Enparantza eta Iker Sarriegi abokatuak. Horien lankideek hasieratik plazaratu zuten operazioa gezurretan oinarritua eta legez kanpokoa izan zen susmoa, eta, orain, susmo hori egiaztatu egin dela diote: epaileak sekretupean izan duen auziaren nondik norakoak ezagutu dituztenean, hasieratik zituzten usteak berretsi egin dira. Hortaz, haiek aske uzteko eskatuko diote epaileari.
Duela gutxira arte sekretupean egon diren txostenak aztertu ondoren, abokatuen kontrako operazioaren helburua zein zenargi dutela diote lankideen izenean mintzatu diren Ainhoa Baglietto eta Alfontso Zenon abokatuek: «Helburu bakarra euskal preso politikoen defentsa eragoztea eta errepresaliatu politikoen eskubideen defentsa kriminalizatzea izan da, eta ez, esan zuten bezala, ETAk presoengan zuen ustezko kontrola saihestea».
Operazio hartako miaketetan irregulartasun asko egon zirela azaldu dute. Hernaniko bulegoan, esaterako, guardia zibilak hogei minutuz beren kasa, idazkari judizialaren presentziarik gabe ibili zirela. «Alde batetik bestera nahi bezala ibili ziren, nahi zutena egin eta desegiten». Ondoren, atxilotuta zuten abokatu batek, salaketa larriak utzi zituen aktan jasota: guardia zibilek «leku arraroetan» aurkitu zituztela zioten zenbait gauza aurrez ez zeudela han salatu zuen, eta, agertu ziren zenbait gauza ez zirela bereak.
Horrez gain, abokatuen sekretu profesionalerako eskubidea urratu zutela diote Bagliettok eta Zenonek, besteak beste, auzi konprometituetarako bereziki garrantzitsuak ziren espediente judizialak eraman zituztelako. Adibidez, Anzaren desagertzearen ikerketei buruzko txostenak eraman zituzten bai Hernaniko bai Bilboko bulegoetatik. Hain juxtu, Zulueta eta Enparantza ari ziren Anzaren familiaren izenean akusazio partikular lanetan.
Torturak
Guardia zibilek atxiloaldian «zuzentasunez» tratatu zutela adierazi zuten abokatuek inkomunikazioaldia amaitu zenean. Gainontzekoek, torturak salatu zituzten. Eta, egunkarietan filtratu zen txosten baten arabera, agindu horixe zuten guardia zibilek; abokatuei tratu bikaina emateko agintzen zien. «Zein tratu eman behar zitzaien orduan gainontzekoei?», salatu zuten abokatuek berria filtratu zenean.
Polizia operazioaren txostenek garrantzia kentzen diote Guardia Zibilari atzemandako agiriari, Guardia Zibilarena zela onartzen duen arren. «Lanerako zirriborroa besterik ez» zela dio. Gainera, txosten horiek «terrorismoaren aurkako prozedurak» direla argudiatuta, auzitik kanpo uzteko eskatu dute.
Abokatuen ustez, ordea, ikertu beharrekoa da Guardia Zibilaren txosten hura. Areago, txostenak agintzen zuena bete zela ezagutu denean. Baglietto eta Zenonen hitzetan, atxilotutako abokatuen aurkako deklarazioak lortzeko torturatu zituzten abokatuak ez zirenak.
Domingo Aizpurua ere helburu horrekin atxilotu zutela diote. Aurrez, ETAko kide izatea egotzita Frantzian preso egon zen Aizpurua, eta 2009ko abenduan atera zen espetxetik, zigorra kitatuta. Baina abokatuen aurkako operazioan atxilotu zutenean, dagoeneko zigortu zuten delituen inguruko galderak besterik ez zizkioten egin. Bagliettoren ustez, abokatuen kontra deklaratzera behartu nahianatxilotu zuten.
«Errakuntza» abiapuntuan
Beste «irregulartasun» bat, operazioaren abiapuntutzat aurkeztu zuten identifikazio batekin gertatu da. David Pla Frantzian ETAko zuzendaritzako kide batekin bildu zelakoan abiatu zen operazioa, guardia zibilen esanetan. Baina identifikazio horretan «erratu» egin zirela onartzen du sekretupean zegoen Guardia Zibilaren txosten batek: Pla ez zela bilera hartan egon zena. Hortaz, akusazioaren oinarri nagusietakoa goitik behera erori dela ohartarazi dute abokatuek. «Horregatik zuten beste batzuk atxilotzeko beharra horren ondorio ahulak baieztatzera behartzeko?».
Espainiako Gobernuaren zerbitzu sekretuak, CNIk, abokatuen telefono deiak eta mezuak 2008tik gutxienez zelatatu dituela jakin dute. Horrek abokatuen sekretu profesionala urratzen duela ohartarazi dute. Areago, entzuketak baimen judizialik gabe egin direnean. «Legz kanpoko entzuketak egin dizkigute, eta, seguruenik, hemen gaudenoi oraindik ere egiten dizkigute», salatu dute.
Halere, euren defendatuen eskubideen aldeko lanean jarraituko dutela ziurtatu dute, eta, preso dituzten lankideak askatzeko eskaera egingo dutela, akusazioen oinarriak bertan behera geratu direnez «ez dagoelako horiek preso mantentzeko inolako arrazoirik».
Abokatuak askatzeko eskatuko dute, operazioa legez kanpokoa izan zelako
Zulueta, Enparantza eta Sarriegiren aurkako operazioa abiatzeko argudioak goitik behera erori direla azaldu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu