Egunkaria auzia

Abokatuek, legelariek eta zuzenbide arloko kideek elkartasuna agertu diete 'Egunkaria'-ko auzipetuei

Donostian izan da bilkura, eta bertan egon dira Iñigo Iruin, Jose Mari Elosua, Miguel Castells, Iker Sarriegi, Aiert Larrarte, Felix Cañada, Luix Barinagarrementeria, Xabier Gurrutxaga... Epaiketak "oinarri politikoa" duela salatu dute.

2009ko azaroaren 13a
17:48
Entzun
Abokatuek, legelariek eta zuzenbide arloko kideek Egunkaria libre! lelopean bilkura egin dute gaur, Donostian. Bulebarrean izan da, 13:00etatik aurrera, eta han egon dira, besteak beste, Iñigo Iruin, Jose Mari Elosua, Miguel Castells, Iker Sarriegi, Eneko Etxeberria, Mikel Elortza, Aiert Larrarte, Fernando Olalde, Felix Cañada, Luix Barinagarrementeria, Xabier Gurrutxaga, Jose Angel Arbelaitz, Jose Luis Rezabal, Julen Arsuaga...

Bilkuraren ondoren, Barinagarrementeriak Egunkaria-ren kontrako epaiketak "oinarri politikoa" duela salatu du.

Azkeneko asteetan euskal zinemako hainbat lagunek, kirolariek, politikariek, bertsolariek, idazleek eta argitaletxeetako ordezkariek, eta musikariek eta diskoetxeetako ordezkariek egin dituzte auziaren kontrako elkarretaratzeak.

Herrietan ere ekimenak antolatzen eta egiten ari dira.

Bost auzipetu itxierari buruzko auzian

Egunkaria auzia-n kazetaren itxierari buruzko epaiketa aste batzuk barru hastea espero dute, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga daude auzipetuta, ETAko kide izatea egotzita. Fiskalak, defentsak bezala, auzia ixteko eskatu zuen. Epaiketaren hasiera eguna jartzeke dago oraindik.

Joan Mari Torrealdai. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa eskatu dute haren aurka.

Iñaki Uria. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Txema Auzmendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Martxelo Otamendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Xabier Oleaga. 12 urteko espetxealdia eta 14 urteko inhabilitazioa (14 urte, AVTren eskaeran).



=b2003ko otsailaren 20an itxi zuten 'Egunkaria'=b

2003ko otsailaren 20an, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, Guardia Zibilak Egunkaria euskarazko egunkariaren egoitzak itxi eta hamar lagun atxilotu zituen: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (2006an hil zen), eta Inma Gomila.

Uriak, Oleagak, Otamendik, Alegriak eta Auzmendik torturak eta tratu txarrak jaso zituztela salatu zuten epailearen aurrean. Seiek jarri zuten salaketa, eta guztiak artxibatuta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.