Apirilean atxilotu zintuzten, beste bi abokaturekin.Hirurak zazpi hilabete eta erdi preso izan ondoren, askatu eta bi astera, zure beste bi lankideren atxiloketarekin topatu zara. Nola hartu duzu berria?
Sentimenduei buruz hitz egiten badugu, amorrua da sentitu dudana. Baina horrelako operazio berri-zaharkitua politikoki kokatu behar da. Bai Iñaki Goioaga abokatua, bai Joseba Agudo, bai gu atxilotu gintuzten operazioak euskal preso eta errepresaliatuen kontrako operazio gisa ulertzen ditugu. Errepresio oso zehatza eta oso krudela erabiltzen ari dira euskal preso eta errepresaliatuen kontra, eta jasaten duten egoeraren lekuko garenok ezabatu egin nahi gaituzte; publikoki egiten dugun salaketa isilarazi. Hor kokatzen ditugu abokatuen kontrako operazio guztiak. Gainera, bide horretan jarraitzeko asmoa dutela ikusten ari gara; abokatuen kontrako operazioei eusteko asmoa sumatzen dugu. Preso politikoekin eta errepresaliatu politikoekin lan egiten dugun abokatu oro bidetik kentzeko asmoa dute, haien estrategia aurrera eraman ahal izateko.
Zergatik diozu preso eta errepresaliatuen aurkako estrategia dela?
Argi dago xantaia gisa erabiltzen dituztela. Horregatik bakartzen dituzte presoak; horregatik ezartzen zaie Parot doktrina gisa ezagutzen dena, bizi osorako espetxean edukitzeko; horregatik dituzte gaixo dauden presoak horren egoera krudeletan kartzelan, xantaia politikoa egiteko. Neurri horien aurrean gu oztopo gisa ikusten gaituzte, haien eskubideen defentsa egiten dugulako eta eskubide urratzeak publikoki salatzen ditugulako. Guk haiekin lan egiten dugu, egoera horiek iritzi publikoari helarazten dizkiogu eta haien defentsa egiten dugu bai Auzitegi Nazionalean bai espetxeetako kexak bideratzerakoan. Hargatik ikusten gaituzte oztopotzat eta hargatik jotzen dute gure aurka.
Zergatik dituzte presoak jomuga?
Euskal Herriak askatasunaren eta independentziaren alde daraman borrokan presoen kolektiboa oso garrantzitsua delako. Presoen kolektiboak duintasunez eta borrokarekin egin dio aurre etsaiaren estrategiari. Baina, azken finean, kolektibo indartsua den arren, Estatuaren eskuetan dagoen kolektiboa da, eta beraz, maneiatu, xantaiarako eta trukerako erabili dezaketen tresna gisa ikusten dute. Gainera, badakite presoena oso gai sensiblea dela euskal gizartearentzat, jende askorentzat oso garrantzitsua dela. Beraz, batasun hori apurtu eta haien indarra ahultzeko izugarrizko ahalegina egiten ari dira. Ikusten ari gara nola bilatzen duten zatiketa damutzeen bila egindako esperientziarekin ere, esaterako.
Atzoko [herenegungo
Agerian geratu da berdin zaiela haientzat oztopo diren abokatu horiek erditik kentzeko zer egin; edozein aitzakia ona da. Abokatu bat espetxeratzeko helikoptero batekin presoak ateratzeko plan bat zegoela asmatu zuten –kartzelan urte eta erdi daraman Iñaki Goioagaren kasua– ; beste momentu batetan deportatuei laguntza ematen ari zitzaiela esan zuten –Joseba Agudok urtebete baino gehiago darama preso hori argudiatuta–; gure aurka presoen mezulari ginela esan zuten; eta orain, Segiren zuzendaritza aurrera eramatea egotzi diete Haizea Ziluaga eta Haritz Escuderori. Berdin da zer asmatzen duten. Edozein aitzakia bilatzen dute abokatuak isilarazi eta kaletik kentzeko. Bitxia izan da azken operazioko akusazioa, baina kasu guztietan izan dira bitxiak gu kartzelaratzeko eta batzuk oraindik espetxean mantentzeko erabilitako aitzakiak. Guk egiten dugun lana oso argia da. Egunero ikusten gaituzte auzitegian presoen defentsa lanetan, espetxeetara joaten eta haiei urratzen zaizkien eskubideak salatzen. Baina haiek erakutsi dute prest daudela edozein preziotan eta edozein aitzakiarekin gu eramateko. Badakigu jo-puntuan gaituztela, baina guk lan publiko eta gardena egiten dugu, eta lan horri eutsiko diogu.
ETArekin harremana izatea leporatzen dizuete.
ETAko presoekin egoten garela? Noski, hori jakina da! Preso eta errepresaliatuekin lan egiten dugula? Jakina, haien eskubideen defentsan aritzen gara. Presoekin politikari buruz hitz egiten dugula? Noski, preso politikoak dira eta arrazoi politikoek eraman dituzte kartzelara! Areago, asko eta asko erabaki politiko soilengatik dituzte kartzelan. Eta noski prozesu politikoan parte hartu nahi dutela, gatazka politikoaren parte direlako. Parte hartu beharko dute, gainera, prozesuan, benetako konponbidea etorriko bada. Baina presoak haien eskuetan dituzte, eta trukerako txanpon gisa erabili nahi dituzte, bai Euskal Herriari, bai ezker abertzaleari, bai beraien erakundeari xantaia egiteko.
Hori sentitzen du presoak?
Argi dago tresna gisa erabiltzen dituztela, eta, preso zaudela, hori ikustarazten, sentiarazten dizute gainera: haientzat tresna bat zarela, eta haien nahiaren arabera modu batean edo bestean erabiltzen zaituztela. Xantaia gisa erabiltzeko, eta zu Euskal Herriko egoeraren parte izatea eragozteko. Zu Euskal Herriko parte sentitu ez zaitezen saiatzen dira; nolabait, zu horren zati zarela ahaztu arazi nahi dutela dirudi.
Zazpi hilabete eta erdiz izan zaituzte zu preso, muturreko egoeran, gainera: sakabanatuta, erabat bakartuta eta isolatuta. Nola bizi da horrelako egoera bat?
Nik hogei urte daramat halako egoerak salatzen, eta orain, hori guztia nire azalean sufritzea tokatu zait. Barruan oso modu nabarian ikusten duzu zein den etsaiaren jokoa. Isolamendu eta bakartze politika horrekin herri baten parte zaren sentimendua kendu nahi dizute. Eta hori lortzen ez badute, hemen elkartasun itzela dagoelako da. Jendeak behin eta berriro adierazten dizu elkartasuna. Gutun bakoitzarekin, dei bakoitzean... jendeak bere parte zarela sentiarazten dizu; bizirik dagoen herri horren parte zarela. Hori oso inportantea da, zeren etsaiaren helburua zu suntsitzea da eta zu bakarrik zaude; bakarrik egin behar diozu aurre espetxeari, errepresioari, egunero-egunero. Horrek izugarrizko tentsioa eragiten du. Egunero, orduro, tentsioan bizi zara, etsaiaren aurrean zu bakarrik sentiarazten zaituztelako uneoro. Baina egia da nik maitasun eta berotasun itzela sentitu dudala bai kanpotik, bai presoen aldetik. Itzela izan da. Eta horiek dira tresnak egoera krudel horiei aurre egin ahal izateko eta ez zaudela bakarrik sentitzeko. Elkartasun hori ere zapuztu nahian dabiltza badakitelako zer norainoko indarra duen presoengan. Eta, gero eta krudelagoa den egoeraren aurrean, elkartasun, maitasun eta hurbiltasun hori ere areagotzeko eskatzen dut, ezinbestekoa baita barruan bizi-irauteko.
Presoarentzat gogorrena dela dioten neurria hartu beharrean ikusi duzu zure burua: zure eskubideen alde gose greba egin duzu. Zerk eraman zaitu horretara?
Egia da zazpi hilabete eta erdi pasatu ditudala oso muturreko egoeretan. Lehenengo momentutik erabaki zuten ni bakartasunean izatea eta ordura arte emakumezko preso politikorik egon ez den Cacereseko kartzelara eraman ninduten. Orduan behar duzuna da beste preso politiko batzuekin egotea eta jakitea halako neurriak noraino irits daitezkeen. Nire egoeraren aurrean, Cacereseko mutilen moduluan zeuden euskal presoek eta nik erabaki genuen borroka batean sartzea. Astebeteko itxialdia egin genuen, eta nire baldintzak are gehiago gogortu zituzten: Malagara eraman ninduten, eta ez soilik bakartasunera, baizik baita isolamenduko modulura ere. Han ez zegoen emakumezko euskal presorik, eta gizonezkoen moduluan zeudenak handik eraman zituzten. Espetxe osoan ni bakarrik utzi ninduten, eta gainera, isolamenduan, bakarrik. Egoera horri aurre egin behar nion, eta gose greba egiteko aukera besterik ez nuen ikusi. Horrek eman zidan irtenbidea: zuzendariarekin egon ahal izan nuen eta agindu zidan beste euskal preso bat ekarriko zutela eta modulu arrunt batera eramango gintuela.
Nolakoa da egun bat kartzelan?
Altxatzen nintzen, 08:00tan kontaketa egiten zuten, ziegan gosaldu, eta 09:00tan patiora botatzen ninduten. Han 12:30ak arte egoten nintzen, bakarrik, berriz ziegan sartu behar nuen arte. Han bazkaldu behar nuen eta gero irakurri, telebistan kate guzti-guztietako albisteak ikusi, irakurri, idatzi, gimnasia pixka bat egin han bertan, eta ur hotzarekin dutxatu ur berorik ez genuelako. Oso txabola hotzak dira, hezetasun handia dute, ez dute ia argirik eta argi-flexoa izateko baimena lortu arte ezin da irakurri ere egin. Bi liburu eta bi egunkari besterik ezin nituen izan ziegan, eta oso arropa gutxi, pare bat praka eta pare bat niki, haiek aukeratzen zutena. Gainera, ziegan haiek baimendutako oso gauza gutxi nituen arren eta inorekin inolako harremanik ez nuen arren, egunero, patio txiki horretara ateratzean eta handik ziegara itzultzean goitik behera miatzen ninduten, batzuetan modu bortitzagoan besteetan lasaiagoan. Ziega ere egunero miatzen eta hankaz gora jartzen zidaten: hara itzultzean arropa eta gauza guztiak lurrean botata izaten nituen, koltxoia ere aterata eta lurrean botata... Egunero dena jaso behar hori oso gogorra egiten da. Probokazio hutsa da eta zu estres horretan, amorru horretan mantentzea beste zentzurik ez du.
Ni zazpi hilabete eta erdiz egon naiz horrela, baina bost, hamar edo hogei urte horrela dagoenik pentsatzea izugarria da.
Zer nolako jarrera ikusi duzu presoengan egoera politiko berriarekiko?
Nik ez dut beste presoekin egoteko aukerarik izan; oso zorrotz tematu dira horretan. Beraz, askoz harreman gehiago izan dut presoekin abokatu gisa preso gisa baino. Interes handiz jarraitzen dute Euskal Herrian egiten den urrats bakoitza, herri honen parte direlako. Areago, horren aldeko borrokak eraman dituelako kartzelara. Presoen kolektiboak prozesuan parte hartu nahi du eta hala behar du. Horretarako bere aldarrikapenak ditu: estatus politikoa, euskal presoak Euskal Herrira eskubide guztien jabe eta prozesuan parte hartu ahal izateko, eta Parot doktrina ezarri zaienak, behin-behinean preso daudenak eta gaixotasun larriak dituztenak askatzea. Isolamendua amaituko litzateke guztiak Euskal Herrian bere eskubide guztien jabe izanda egoterakoan.
Bereziki azpimarratu nahi dut isolamendua amaitu behar hori; jasan ezina da. Prozesu demokratiko bat abiatu nahi bada, presoen oinarrizko aldarrikapen horiek bete beharko dira.