Abortatzeko aukera bermatzeko eskatu dio Haurraldek Espainiari

Paperik gabeei osasun txartelik ez ematea proposatu die Osasun Ministerioak autonomia erkidegoei

Erredakzioa
2012ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Haurralde fundazioak eta beste 30 bat eragilek eta elkartek abortatzeko aukera bermatzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari, adierazpen baten bidez.Haien arabera, medikuak edo osasun langileak «kontzientzia eragozpenaz» baliatzea ezin da oztopo bat izan emakumeek abortatu ahal izateko. Adierazpenean salatu dutenez, erakunde «antidemokratikoek» andreen giza eskubideak zapaltzeko erabiltzen dute krisia, batez ere sexu eta ugaltzeeskubideak bertan behera uzteko. Haurraldek maiatz amaieran Donostian antolatu zituen jardunaldien harira egin dute adierazpena elkarteek.

Oharrean gogorarazi dute nazioarteko erakundeek eskubide horiek babestera behartzen dituztela estatuak. Hori dela eta, Espainiako Gobernuari eskatu diote Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Behatokiak ezarritako 2/2010 lege organikoa betetzeko. Sexu osasunari eta abortuari buruzko legea da hori. Horrez gain, autonomia erkidego guztietan oinarrizko prozedura komun bat jarri behar dela uste dute.

Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak, berriz, osasun sistemako aseguruak arautuko dituen dekretuaren zirriborro bat egin du. Bertan zehaztu duenez, ezingo dute osasun txartelik eskuratu paperik gabe dauden herritarrek, ezta 100.000 eurotik gorako errenta dutenek ere. Zirriborroa autonomia erkidegoei bidali die Osasun Ministerioak, eta haiek oharrak egin ahal izango dituzte proposamenaren inguruan. Horregatik, ministerioak esan du oraindik «asko» alda daitekeela lehen testua.

Nafarroak, esate baterako, osasun txartela izateko baldintza gehiago ezarriko dizkie 26 urtetik gorako herritarrei. Adin horretara iritsi arte, inoiz kotizatu ez dutenek eta gurasoen txartelen onuradun izan direnek txartel propioa izan beharko dute. Orain arte, kotizatu ez zuten 26 urtetik gorakoak «baliabiderik gabeko pertsona» gisa izendatzen zituzten, eta gurasoen txartelaren onuradun izaten jarrai zezaketen. Marta Vera Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariaren esanetan, lege dekretuaren neurriak hartzera «behartuta» daude: «Espainiako Gobernuak du aseguruen inguruan erabakitzeko eskumena».

Osasunerako zentimoa, aurrera

Nafarroako Parlamentuak, bestalde, osasunerako zentimoa deituriko sistema martxan jartzea onartu du. Atzo egin zuten osoko bilkura, eta UPN, PSN eta PPN alderdiek osasunerako zentimoa ezartzearen alde bozkatu zuten; neurriaren aurka egin zuten NaBaik, Bilduk eta Ezkerrak. Alvaro Miranda Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak uste du egungo atzeraldiakerabakiak azkar hartzera behartzen duela, «sarrera publikoak handitu ahal izateko». Osasunerako zentimoak herritarrengan eragin txikia duela adierazi du. NaBai, Bildu eta Ezkerraren ustez, ordea, sarrera publikoak hazteko badaude beste bide batzuk, osasunerako zentimoa ezarri ordez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.