Abortuaren legea

Abortua ez dela delitu aldarrikatzeko, protestak

Jendea erruz hurbildu da euskal hiriburuetan egin diren protesta ekintzetara; abortu aske eta dohakoaren aldeko oihuak plazaratu dituzte, eta emakumeen erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute. Iruñea ez dute oraindik protesta egin: 20:00etarako dago eginda deialdia, PPren egoitzan, Carlos III.a etorbidean. Bideoa: Bilboko manifestazioa. [berriatb]http://www.berria.info/berriatb/2006/[/berriatb]

Berria.info
2013ko abenduaren 21a
19:12
Entzun

Abortatzeko eskubidea. Gure gorputza, gure erabakia leloak mugiarazi ditu milaka lagun Gasteizen, Iruñean, Bilbon, eta Donostian, abortuaren legeak emakumeen erabakitzeko eskubidea urratzen duela eta. Oihu asko entzun dira Espainiako Gobernuaren kontra. "Abortu librea eta doan" eskatu dute, eta "zuen errosarioak gure obarioetatik atera", izan da ozen oihukatu duten beste leloetako bat. "Abortuaren erabakitzeko eskubidea ezin da ahalbidetu abortua ez bada zigor gabe uzten", azaldu dute emakumeen plataformetako deitzaileek. Uste dute estatuaren egitekoa emakumeen eskubideak "errespetatu eta bermatzea" dela.

Bi urte bete dira gaur Mariano Rajoy gobernuan dela, eta pixkanaka Jose Maria Aznarrek berak ere egin ez zituen legeak onartzen ari da, gizartearen eskubide eta askatasunak murriztu eta murriztu. Orain abortuarekin etorri da, Gallardonen Justizia Ministerioaren eskutik, baina PP ez beste alderdi guztiak datoz bat esaterakoan "iraganera itzulera" dela; talde feministak eta oro har euskal herritar gehienak sutan jarri ditu, Kontzebituaren Bizia eta Haurdunaren Eskubideak Babesteko Lege Organikoak. Legearen izena bera ikusi besterik ez dago atzean dakarrenaz ohartzeko. 

Desobedientziarako deia egin du EH BIlduk. Yolanda Jubero eta Diana Urreak nabarmendu dutenez eskubideak "ez dira negoziatzen", eta PPren gobernuari leporatu diote "euskal herritar gehienek nahi dutenaren gainetik eskubideak urratzea eta murrizketak ezartzea". Horren aurrean "irmo" erantzun behar dela uste dute, eta abortu libre eta doanekoa eskatu. Horregatik Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari "desobedientziarako deia" egin diete, Madrildik etortzen denari aurre egiteko.

"Azken eraso honek erakusten du bide berezkoa egin behar dugula", haien hitzetan. "Borroka feministak 40 urtean lortu dituen eskubide sexualak bertan behera" geratzea esan nahi du lege honek, eta "hori inolaz ere ez da onartu behar".

PP ez beste guztiak bat

Radio Euskadiren tertulian eseri dira gaur Joseba Egibar (EAJ), Dani Maeztu (EH BIldu), Txarli Prieto (PSE-EE) eta Nerea Llanos (PP) legeaz hitz egitera. Llanos ez beste guztien artean, gutxitan izaten duten adostasuna erakutsi dute abortuaren legearen gainean.

Egibarrek  "gutxienez 1985era itzulera" dela esan du, eta uste du legea PPren "alde gogorra asetzeko" egina dela. Egungo legediak, gainera, "oso ongi arautzen" duela uste du, lege europarren parekoa dela, eta ez duela aldaketarik behar.

Maeztuk gogoratu du abortatzea ez dela "kapritxua", eta "aita estatuaren" jarrera gaitzetsi du. Abortatzea aberatsen kontu bilakatuko duela ere salatu du: "Diruduna berdin-berdin joango da abortatzera, eta ez duenak ezingo du gauza bera egin, edo odolhusteko arriskua izango du".

PSE-EEk, berriz, abortuaren legea ez da kanpotik gobernuari presio taldeek egindako eskaera "erreakzionario handienak [Espainiako] gobernuan baitaude".

Llanosek, berriz, beste modu batera izan ezin zitekeen bezala, ez jaiotakoaren bizitza babestu beharraz aritu da. PPk 2010ean legeari erreforma egin zitzaionean defenditu zuena dela gogoratu du, eta hauteskunde programan zegoela, "milaka espainiarrek botoa eman zioten programan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.