Adingabeek gurasoen baimenik gabe abortatzea galarazteko proposamenak aurrera jarraitzen du. Oraingo legearekin, 16-17 urteko emakumeek aborta dezakete baimenik gabe, baldin eta gurasoei jakinarazteak arriskuan jartzen baditu —indarkeria edo bazterketa jasateko arriskua, adibidez—.
Espainiako Kongresuan aurkeztu du proposamena PPk, Espainiako Gobernuaren lehen proiektua bertan behera geratu eta gero —epeen sistema aldatzea nahi zuen Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak, baina, protestak ikusita, atzera egin zuen gobernuak—.
Aldaketaren aurka, osoko zuzenketak jarri dituzte lau taldek Espainiako Kongresuan: PSOEk, Izquierda Pluralek, ERCk eta BNGk. Atzera bota dituzte, ordea, PPren gehiengoagatik. Bidelagun batzuk baditu: UPN, Foro Asturias eta CiUko diputatu batzuk —boto askatasuna dute—. PPk berak boto batasunari eutsi dio —Gallardonen proposamenaren aldeko dira diputatu batzuk, eta hutsaltzat dute oraingo aldaketa, baina zuzenketen aurka bozkatu dute—.
Euskal alderdietatik, EAJk berretsi du oraingo legearen alde dagoela, "adostasunean" egindakoa delako; Amaiurrek ohartarazi du “eskubideak pixkanaka kentzea” dela PPren asmoa.
Kongresuko tramitazioarekin jarraitzen du lege aldaketak. Irailean onartzekoa dute.