Abortatzeko eskubidea

Abortuak osasun sare publikoan egiteko, borrokan jarraituko dute feministek

Kontzientzia eragozle diren medikuen erregistroa sortzea babestu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak.

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren manifestazioa abortatzeko eskubidearen alde Iruñean apirilean egindako manifestazioa. JAGOBA MANTEROLA, ARGAZKI PRESS
Maite Asensio Lozano.
2014ko irailaren 25a
07:30
Entzun

Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Nafarroako Asanbladarentzat, “garaipena” izan da Espainiako Gobernuak abortuaren lege erreforma erretiratu izana, baina “borrokak kalean jarraituko du”. Bi helburu nagusi ezarri ditu taldeak: batetik, abortua Espainiako Zigor Kodetik ateratzea, eta bestetik, haurdunaldi eteteak osasun sare publikoan egitea. “Aldarrikapena argia da: abortua ez da delitua, eskubide libre eta doakoa izan behar da, eta osasun zentro publikoetan egin behar dira”.

Ildo horretan, “albiste ontzat” jo dute Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakia: onarpena eman dio Nafarroan abortuak egitean kontzientzia eragozle diren medikuen eta bestelako osasun langileen erregistro bat sortzeari. Xede horrekin Nafarroako Parlamentuak iaz onartutako legeari helegitea jarria zion PPk, baina araua babestu du auzitegiak. Ebazpena txalotu dute feministek: “Beti esan izan da Nafarroako osasun arlo publikoan ez zela aborturik egiten kontzientzia eragozpena zegoelako; erregistro batean izena ematera behartzeak Nafarroako emakumeen eskubideak bermatuko ditu, osasun sare publikoan haurdunaldi eteteak egingo dituzten langileak egote aldera”.

Hain justu, sexu eta ugalketa eskubideen aldeko nazioarteko eguna izango da igandean, eta horren harira protestak antolatzen ari dira mugimendu feminista eta sindikatuak. Bihar, 11:30ean, hamar minutuko elkarretaratzeak egingo dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitale nagusien aurrean: Gurutzeta, Galdakao, Basurtu (Bizkaia), Donostia eta Txagorritxun. Igandean, berriz, manifestazioak egingo dituzte: Bilbon, Arriaga plazatik abiatuko dira 12:00etan, eta, Gasteizen, Andre Mari Zuriaren plazatik irtengo dira 12:30ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.