ABORTUA

Abortuaren lege aurreproiektua ontzat jo du Espainiako Botere Judizialak

Gallardonen testuaren puntu batzuk kritikatu arren, hamar magistratuk egin dute erreformaren alde, eta zortzik kontra.

Abortatzeko eskubidearen alde Iruñean egindako manifestazio bat. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Berria
2014ko ekainaren 13a
10:54
Entzun

Espainiako Gobernuak sustatutako abortu legearen erreforma eztabaidagai izan du gaur Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak. Zatituta bozkatu dute magistratu progresistek, eta, azkenean, lege aurreproiektua ontzat hartu du kontseiluak. Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroaren testuarekin kritiko agertu dira txostenaren egileak, halere.

Bi eskakizun nabarmen egin dizkiote gobernuari: malformazio larriak baldintza gisa txertatzeko —haurdunaren osasun psikikoan eragina frogatu beharrik gabe—, eta txostenak sinatu behar dituzten bi medikuak abortua gauzatuko duen zentrokoak izatea ahalbidetzeko. Kontzientzia eragozpena arautzea ere galdegin dute, osasun zentro publiko zein pribatu guztietan haurdunaldiak eteteko prest dauden medikuak egon daitezen.

Carmen Llombart epaile kontserbadoreak idatzitako txostena onartu dute azkenean: aldeko hamar boto jaso ditu —Carlos Lesmes kontseiluko presidentearena barne—, kontrako zortzi, eta hiru abstentzio. Pilar Sepulveda progresistak landutako beste txostenak, berriz, lege egitasmoa erretiratzeko eskatzen zuen, baina ez du nahikoa babesik lortu. Izan ere, 2010eko abortu legearen aurkako helegitearen inguruan Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hartu behar duen erabakiari itxarotearen alde agertu dira abstenitu diren hiru epaileak —bi progresista eta kontserbadore bat—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.