Abiada hartzen ari da Kontzebituaren Bizia eta Emakume Haurdunaren Eskubideak Babesteko Legea onartzeko prozesua. Aurreproiektua abenduan aurkeztu zuen Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroak; urte erdian zenbait txosten jaso eta PPren barruan eztabaidatu ostean, lege proiektua Ministroen Kontseilura iritsiko da datorren ostiralean, Espainiako hainbat hedabidek jakinarazi dutenez.
Legea onartzeko prozedura azkartu nahi du Madrilek: urte amaieran indarrean sartzea da asmoa, 2015eko udal eta foru hauteskundeetako kanpaina hasi aurretik. Beraz, lege proiektua uztailean eraman nahi du Kongresura, irailera arte itxaron ordez; zuzenketak aurkezteko epe bakarra zabalduz lortuko du bere egutegia betetzea.
Eta aldaketak izango ditu Kongresura helduko den testuak. Malformazioren bat duten fetuak abortatzeko modua egongo da, El País egunkariak argitaratutakoaren arabera. Halere, Gallardonek ez luke hirugarren baldintza sortuko. Haurdunaren osasun fisiko eta psikikoaren arriskuaren kausa barruan mantenduko luke, baina beste modu batera formulatuta: argudiatuko luke fetuak malformazioak edukitzeak kalte psikologikoa pairatzeko arriskuan jartzen dituela emakumeak, eta hori nahikoa arrazoi dela haurdunaldia eteteko. Hartara, andreek ez lukete kalte hori egiaztatu behar.