Abortuaren legea polemika betean onartu zuen Espainiako Parlamentuak, 1985ean. Feministen «abortu libre eta doakoa!» aldarria tokitan gelditu zen, baina abortua egiteko hiru zirrikitu ireki zituen lege hark: haurdunaren osasunarentzat kaltegarri izanez gero, fetuak arriskua izanez gero edo bortxaketa bat jasan izanez gero, emakumeek posible zuten abortatzea. Ordura arte, legez kanpokoa zen. Iaz aldatu zuten legea, uztailaren 5ean; lege berriak andreei aukera ematen die inori arrazoirik eman gabe abortatzeko haurdunaldiko hamalaugarren astera arte. Hori ere ez zen abortu librea, baina zirrikitua zabaldu zen.
Datu bat, Hego Euskal Herrikoa: iaz arte, haurdunaren osasuna arriskuan egotea izan da abortuen %90 baino gehiagoren arrazoia; lege berria indarrean denetik, abortuen %1 eskasean argudiatu dute haurdunaren osasuna «arrisku larrian» zegoela. Legeak andrazkoen errealitatera egokitu ordez, andrazkoak izan dira legeen zirrikituetara egokitu direnak.
Eta orain zirrikituak itxi nahia agertu du Espainiako gobernu berriak. Azaroaren 20an bozak gehiengo osoz irabazita, kanpainan agindutakoa beteko duela iragarri berri du Soraya Saez de Santamaria gobernuko bozeramaileak: PPk abortuaren legea aldatuko duela. Legea onartu zenean, Mariano Raxoiren alderdiak helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalean; epaiaren zain daude popularrak, baina aldaketak zeintzuk izan daitezkeen helegiteak berak erakusten du.
Hasteko: 16 urtetik 18ra bitarteko neskatoek, indarrean dagoen legearekin, ez dute gurasoen baimenik behar abortatzeko. Raxoik argi adierazi du bere iritzia: «Ez dut onartzen 16 urteko neskato batek amaren edo aitaren baimenik gabe abortatzea». Egiaz, adingabeen abortuak ez dira guztien %10era iristen, baina tema erakutsi du PPk puntu horretan.
Eskuinetik eta Elizaren goiko organoetatik presio gogorra datorkio PPri. Hauteskundeak irabazi eta astebete pasatu ez zela, Espainiako Gotzainen Konferentziak gogorarazi zion «familiaren eta biziaren aurkako legeak» indarrean daudela Espainian, abortua eta homosexualen arteko ezkontzak arautzen dituzten legeei erreferentzia eginez. «Ezin dizkiogu aginduak eman gobernuari, ez delako ez gure funtzioa, ez gure estiloa», zehaztu zuten gotzainek. Baina «aholkuak» bai, eman ditzakete: «[Lege] Injustuak dira, ez dira obeditu behar».
Abortuaren kontrako taldeek, bitartean, mobilizatzeari ekin diote: Hazte Oir plataformak elkarretaratzea egin zuen joan den ostiralean, ministro kontseilu berriaren lehen bileran, abortuaren legea bertan behera uzteko eskatuz; atzo Espainiako Kongresuaren aurrean pankarta bat zintzilikatu zuten abortuaren aurkako taldeek; gaur, abenduaren 28 guztiez ohi dutenez, «bizitzaren aldeko elkarteek» protestak antolatu dituzte abortuak egiten dituzten kliniken aurrean —baita Nafarroan ere— eta PPren Madrilgo egoitzaren aurrean.
Abortuaren legea baliogabetuko duenik ez du esan, hala ere, Raxoik. Legea aldatuko duela bai, ordea; 1985eko eta 2010eko legeen «arteko» eredu bat nahi duela. Tartean, bada PPko kideek kritikatu izan duten puntu bat, «abortu libreari» atea irekitzen diolakoan: epeena. Haurdunaldiko hamalaugarren astera arte, andreak arrazoirik eman gabe erabaki dezake abortatzea; haurdunaldiko 22. astera arte, osasun edo malformazio arriskuak baldin badaude aborta daiteke; hortik aurrerako haurdunaldiak eteteko, «bizitzarekin bateragarri» ez diren arrazoiak behar dira.
Medikuntza eta Erizaintza ikasketetan abortuari buruzko irakasgai derrigorrezkoak ere sartu zituen iazko legeak; eta eskoletako sexu heziketarako puntu batzuk ere zehaztu zituen. Legearen alderdi horiek ere kritikatu izan ditu PPk.
Adierazpenei neurria hartzen
Legea aldatzeko gobernuaren iragarpenak kezka eta eztabaida ireki ditu mugimendu feministan eta emakumeak artatzen dituztenen artean. Zeini gehiago, zeini gutxiago. Esaterako, Pablo Sanchez-Valverde ginekologoak hamarkadak daramatza Nafarroan emakumeak artatzen, eta uste du PPk «ukitu txikiak» egingo dizkiola legeari: «Uste dut ez direla aldaketa handiak etorriko». Praktikan, Konstituzionalak emango duen epaiaren ildotik joango da aldaketa, haren ustez, eta Konstituzionalak Europako legeei begiratuko diela uste du: «Frantzian, Erresuma Batuan... haurdunaldiak eteteko legeak dituzten leku guztietan epeetan oinarritutako legeak dituzte; emakumeen erabakia eta autonomia errespetatzen dira, epe batzuen barruan».
Konstituzionalak epeen eredua errespetatzearen alde egiten badu, PPk kontra egitea zail ikusten du Sanchez-Valverdek. Gainera, 1985eko legeak ezartzen zituenen gisako baldintzetara itzultzeak «ez luke zentzurik», eta eskubide sozialen «galera garrantzitsua» litzateke, haren hitzetan. Absurdoak ikusia da ginekologo lanean, izan ere: «Abortuak justifikatzen ziren txosten psikikoekin, andreak neurosiak eta halakoak izango zituela argudiatuta. Aurreko legera joatea atzerapena litzateke emakumeentzat; abortatzeko erabakiak ezin du teknikoen mende egon».
Betikoa dela abortua
Abortuak beti egin direla oroitarazi du Sanchez-Valverde ginekologoak: «Abortuak egin dira, eta egingo dira, lege batekin edo bestearekin». Horixe nabarmendu du Tere Saez Andrea taldeko koordinatzaileak ere: «Abortuak izango dira gero ere; ez zaio abortuak egiteari utziko». PPk aldaketa batzuk ekarriko dituela argi ikusten dute, ordea, Saezek eta Sanchez-Valverdek. Adingabeen abortatzeko eskubideari dagokionez, gurasoei esan beharrik gabe abortatzeko aukera galtzea izango da, «seguru aski», aldaketetako bat, haien ustez. «Argi dago aldaketak etorriko direla, adingabeena, adibidez. Horrek ekarriko du emakume gazteak batetik bestera ibiltzea berriro, kriminalizatuta, babesik gabe», Saezen iritziz. Aldaketetako bat hortik etor daitekeela susmatuta, galdera egin du Miren Aranguren Bilgune Feministako kideak: «Zergatik gazte batek, 16 urterekin, haur bat izan dezake eta, aldiz, ezin du erabaki haurra eduki edo ez?».
Alde horretatik, 2010eko legeak hobekuntzak ekarri dituela onartu dute, zeinek beroago, zeinek epelago. «Normalizatu egin du prozedura, erabat, eta emakumeari askatasuna eman dio erabakitzeko hamalaugarren astera arte», Sanchez-Valverderen hitzetan. Legeak ez duela abortu kopuruan aldaketarik eragin ere ohartarazi du: «Lehen adina abortu egiten dira».
Beste era batekoa da Bilgune Feministaren hausnarketa: arazoa ez dago lege batean edo bestean, «emakumeen erabakitzeko eskubidean» baizik, Arangurenen hitzetan: «[2010eko legearekin] Egia da kontu batzuetan aurrera egin dela, baina oraindik profesionalen hitza emakumeen hitzaren gainetik jartzen jarraitzen dute. Gure gorputzaren kontrola gure eskuetatik kanpo uzten dute, eskubide bat behar lukeenari epeak eta baldintzak jarriz». Indarrean den osasun ereduak ez dituela andrazkoak aintzat hartzen eta prebentzioa baztertzen duela uste du Bilgune Feministak: «Ez da heziketan eta gorputzaren ezagutzan oinarritzen, eta horrek pertsonon autonomiaren galera dakar». Autonomia hori eta «gorputzaren kontrola» da berreskuratu behar dena, Arangurenen iritziz, legeak gorabehera: «Gure gorputzean interes ekonomiko, politiko eta ideologikoek eragin nabarmena dute».
Saezek ere ñabardurak egin dizkio 2010eko legearen ekarpenari, «aurrerapena» aitortu dion arren: «Ezaugarri positiboak baditu, baina lotsatia da. Eskubideak onartu bai, baina baldintzak jartzen ditu gero... Bermatu nahi zuen erkidego guztietan abortuak egitea, baina gero ez dute bermatu». Nafarroaz ari da Saez, gobernuak ez baitu onartu zerbitzu publikoetan abortuak egiteko aukera: «Nafarroan kriminalizatu egin da abortua; andreek kanpora joan behar zutenez, delitu bat egiten ari zirela ematen zuen». Urrats bat harago nahi luke Saezek: «Bermatu behar da zerbitzu publikoan egitea abortuak».
Hain justu, urrats hori eskatuz, apirilean gutun bat argitaratu zuten Nafarroako 11 ginekologok; haien arteko zen Sanchez-Valverde. Nafarroako Gobernuak dioenaren kontra, mediku guztiak ez direla abortuaren kontrako objektoreak aldarrikatu zuten, eta «borondate politikoa» eskatu zuten zerbitzu publikoan abortuak egiteko. Salatu zuten 1980ko hamarkadan presioak izan zirela Nafarroan, abortuak egiten ez jarraitzeko —hamar bat abortu egin ziren Bideko Ama erietxean, 1986 eta 1987 bitartean; epaitu ere egin zituzten hiru mediku, 1990ean, nahiz gero libre gelditu ziren, kargurik gabe—.
«Geure burua eskaini genuen, baina Osasun Departamentuak ez zuen nahi ospitale publikoan egitea. Orduan, klinika pribatu bati eman zioten», azaldu du gutun haren arrazoia Sanchez-Valverdek: «Ez dugu guk hori antolatu behar. Esaten dugu egin daitekeela, denak ez garela objektoreak. Baina gobernuak antolatu behar du zerbitzu medikoen eskaintza».
«Aldaketa onuragarria»
Nafarroako ginekologoek urratsa egin zuten, baina horretan gelditu zen. Klinika pribatu batek Antsoainen irekitzeko baimena galdegin zuen, eta urrian hasi zen lanean, 24 urteko etena itxiz. 700 eta 800 emakume bitartean irteten ari ziren Nafarroatik kanpora, urtero, abortatzera. Osasunbideak zerbitzua eman ez, baina ordaindu egiten zien kanpora abortatzera joaten zirenei. Antsoaingo klinikak egoera irauli du, eta urriaz geroztik Nafarroan bertan aborta dezakete emakumeek; dagoeneko ez dute Donostiara, Bilbora, Madrilera edo Zaragozara (Espainia) joan beharrik. Jose Gurrea ginekologoa da Antsoaingo klinikaren jabea. Hain justu, Bilbon beste klinika bat du Gurreak (Euskalduna), eta Nafarroako zerbitzu publikoek bertara bideratzen zituzten emakumeak abortatzera, orain arte. «Aldaketa oso onuragarria izan da Nafarroako emakumeentzat; askoz erosoagoa da haientzat, eta kostuak ere txikiagoak ditu», azaldu du Gurreak: «Azkarra da zerbitzua, kalitatezkoa. Eta arreta bermatzen dugu gertuagotik».
Haurdunaldiko hamalaugarren astea bitarteko abortuak egiten dituzte Antsoainen. 160 emakumek jo dute bertara bi hilabete eta erdian. Datu deigarri bat: Nafarroan haurdunaldia etetea erabakitzen duten hirutik bi immigranteak dira. «Ez dituzte kontrazepzio praktika kalitatezkoak», Gurreak dioenez. Baina joera aldatu egingo dela uste du: «Andrazko nafarren kontrazepzio jokabideak hartuko dituzte laster, eta hamar urte barru erdira jaitsiko dira abortuak Nafarroan».
Eta berrikuntza bat: orain Nafarroak hartzen ditu abortatu nahi duten emakumeak. Antsoaingo klinikan egiten ari diren hamar abortutik bat Errioxako emakumeei egindakoak dira, han ez dagoelako zerbitzurik.
Gurreak zehaztu du ezin duela Nafarroako Osasun Departamentuaren izenean hitzik egin, baina uste du harentzat ere mesedegarri izan dela klinika irekitzea: departamentuak dirua aurreztuko duelako eta abortatu duten emakumeen jarraipen zehatzagoa egin ahal izango duelako.
Baina denek ez dute begi onez ikusi Antsoainen klinika zabaltzea. Francisco Perez Iruñeko eta Tuterako gotzainak gutun bat kaleratu zuen maiatzean, klinika zabalduko zela jakin eta aste batzuetara: «Borondatezko abortua ezin da inoiz onartu [...]. Abortua bilatzen duenak eskomunioa egiten du abortua gertatzen den une berean, eta oso delitu larria da, krimen bat delako». Alerta Navarrak, berriz, maiatzerako, Osasun Departamentuari 7.846 sinadura aurkeztu zizkion klinikaren kontra. Arrosarioa errezatzera elkartzen dira hileko azken ostiralean, «hiltegi pribatuaren» aurrean. Etzi ere elkartzekoak dira.
Batzuek eragin, besteek presionatu, «karramarroak bezala» atzeraka ez egiteko mobilizatzea ezinbestekotzat jotzen du Saezek. Urrats batzuk desegitea «oso zaila» izango dela uste baitu. Aldaketekin edo batere gabe, iparra non dagoen seinalatu du Sanchez-Valverdek: «Emakumeek erabaki behar dute».
Abortua. Espainiako legea erreformatzeko asmoak
Abortuari hesia estutzear
Abortuaren legea aldatu nahi duela iragarri du PPk Espainiako Gobernua hartu orduko, baina ez du zehaztu nola. Auzitegi Konstituzionalak PPren helegite bati emango dion epaiaren neurriko aldaketak espero dituzte profesionalek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu