Madrilgo Lurralde Auzitegiak absolbitu egin ditu tortura delituengatik epaitutako bost espainiar polizia, haien aurka Maite Oruek eginiko salaketa, epaian ageri denez, ezin delako frogatu egiazkoa dela.
Maite Orue 2005eko uztailaren 27an atxilotu zuten, ETAri laguntza ematea egotzita, eta hiru egunez eduki zuten inkomunikatuta. Egun horietan torturak jasan zituela salatu zuen Oruek: etengabe jo zutela, erabat umiliatu zutela eta sexu erasoak egin zizkiotela; bortxatuko zuten mehatxuak egin eta lizunki ukitu zutela, eta galtzak jaitsiko zizkioten imintzioak egin zizkiotela.
Epaiketa urriaren 28an eta abenduaren 9an egin zen. Orue ezin izan zen joan lehen egunean, duela bost urteko gertaeren ondorio psikologikoak oraindik presente dituelako eta epaiketaren hurbiltasunak estresa areagotu ziolako. Abenduaren 9an eman zuen lekukotasuna eta epaiketan bi akusatu ezagutu zituen.
Abenduaren 14ko data daraman epaiaren arabera, ordea, Oruek ez ditu betetzen «pertsona baten deklarazioa egiazkoa dela neurtzeko» Espainiako Auzitegi Gorenak ezarritako bete beharreko hiru ezaugarriak: «1. Salatzailearen eta salatuaren arteko harremanean ez dadila existitu inolako gezurrezko argudiorik edota arrazoi faltsurik pertsona bat beste bat salatzera eramango duena besterik gabe; 2. Emandako lekukotza balioztatuko duten bestelako zantzu objektiboak egotea; 3. Eginiko akusazioa denboran zehar mantentzeko gai izatea inolako anbiguotasun eta kontraesanik gabe».
Epaiak ez ditu torturen ondorio psikologikoak aintzat hartu, peritu gisa deklaratu zuten psikologoek ondorio horiek Oruek egindako kontakizunarekin bat zetozela esan arren. Epaimahaiaren aburuz, ordea, polizien defentsak epaiketan azaldu bezala, ondorio horiek berdin izan zitezkeen atxiloketak berak eta ondoren ezarri zioten zigorrak eragindakoak.
TAT Tortuaren Aurkako Taldeak salatu egin du epaia, baina gogorarazi du epaiketa bera egitea «garaipena» izan dela, Oruerena eta Igor Portu eta Mattin Sarasolarena izan baitira azken bederatzi urteotan epaitu dituzten bakarrak. Dena den, torturaren aurkako borroka epaitegietan baino gehiago kaleko presioaren eta indar metaketaren bitartez irabaziko dela uste du TATek.
Lupiañezen kasua
Bestalde, TATek atzo jakinarazi zuenez, tortura delituengatik inputatuta, bost guardia zibili deklarazioa hartu zieten herenegun Bilboko Bigarren Instrukzio Epaitegian. Guardia zibil horiek 2007ko abenduaren 6an Gorka Lupiañez Mintegi atxilotu zuten. Madrilgo polizia etxe batean inkomunikatuta igaro zituen bost egunetan, tortura gogorrak, tratu txarrak eta bortxaketa jasan zituela salatu zuen Lupiañezek.
Hiru urte behar izan dira Lupiañezek salatutako torturen gainean lehenbiziko eginbideak hasteko. Izan ere, hasieran Bilboko epaitegiak eginbiderik ere egin gabe artxibatu egin zuen salaketa. Ondoren, baina, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak auzia berriro irekitzeko agindu zion, lehenbiziko aldian epaitegiak behar bezalako ikerketarik egin ez zuela ebatzita.
Atzo igorritako prentsa oharrean, TATek zioen Instrukzio Epaitegiak hurrena Espainiako Auzitegi Nazionaleko auzitegi medikua eta Lupiañezi orduan jarri zioten ofizioko abokatua lekuko gisa deklaratzera deitzea espero duela.
Absolbitu egin dituzte Maite Orue torturatzea leporatu zieten poliziak
Madrilgo Lurralde Auzitegiak dio ezin dela frogatutzat jo akusatauei egotzitakoa egiazkoa dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu