Adierazpen askatasuna

Absolbitu egin dute ‘Boro’ kazetaria

Fiskaltzak sei urteko espetxealdia eta 6.200 euroko kalte-ordaina eskatu zuen Iruñeko kazetariaren aurka; 2014an atxilotu zuten Madrilen manifestazio baten berri ematen ari zela.

Jorge Correa 'Boro' kazetaria, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Hodei Iruretagoiena
2018ko azaroaren 14a
15:09
Entzun

2014ko martxoaren 29an, La Haine eta Kaosenlared.net hedabideentzat manifestazio bat kubritzen ari zen Jorge Correa Boro kazetari iruñearra, Madrilen —Jaque a la monarquía [Xake monarkiari] leloa zuen mobilizazioak—, eta atxilotuta bukatu zuen, Espainiako Poliziaren esku. Bi poliziari eraso egin izana leporatu zioten, baina Borok behin eta berriz ukatu ditu akusazioak; besteak beste, bertan ziren gainerako kazetarien testigantzak eta atxiloketa uneko bideoak oinarri hartuta. Urria hasieran epaitu zuten Madrilen, eta absolbitu egin dute azkenean, kazetariak berak sare sozialetan iragarri duenez.

"Epaimahaiak ebatzi du ez dagoela zantzu bakar bat ere ni errudun jotzeko, eta polizien hitza ezin dela nahikoa izan errugabetasun presuntzioa urratzeko", azaldu du Borok. Haren hitzetan, epaileek sinesgarritasuna eman diote bere bertsioari, eta polizien kontraesanak nabarmendu dituzte: "Egun hartan prentsa izan zen polizien erasoen biktima, eta ez alderantziz".

Orain, Fiskaltzak hamar eguneko epea du helegitea jartzeko. Hala egiten ez badu, epaia irmoa litzateke.

Aurrez ere zigortua

2014ko manifestazio horretakoa ez da Borok izan duen epaiketa bakarra. Urtarrilean, Espainiako Auzitegi Nazionalak urte eta erdiko zigorra jarri zion "terrorismoa goratzea" egotzita —Armiarmaoperazioen bigarren sarekadan atxilotu zuten kazetaria—. Auzitegi Gorenean dago orain Borok jarritako helegitea.

"Argi dago batzuen adierazpen askatasunaren aurka baino ez dutela egiten. Faxistei eta eskuin muturrekoei nahi dutena erraten uzten diete", salatu zuen Borok zigor horren harira, Nafarroako Hitzan egindako elkarrizketan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.