Alderdi nazionalistekin konpromisorik edo loturarik ez duenaren irudiarekin abiatuko du horrela bigarren agintaldia Rodriguez Zapaterok, aurreko legealdian aliatu izan dituenei baino lankidetza eskaintza argiagoa eginez, gainera, PPri: ETAren aurkako politikan eta gainerako Estatu auzietan adostasuna talde guztiekin baina bereziki oposizioko talde nagusiarekin lortu nahi duela berretsi zuen Rodriguez Zapaterok atzo, bozketa aurreko hitzaldian.
Rodriguez Zapaterok berak ez du berariaz aitortu oposizioko inoren babesik ez zuenik nahi, baina inbestidura saioaren aurreko bilera txandetan PSOEko solaskideek ez zioten inori presidentegai sozialistaren aldeko botoa eskatu. Eta Miguel Buen PSE-EEko diputatuak, bozketaren ondoren ohar baten bidez emandako azalpenetan, gutxiengo nazionalisten babesik ez izatea balio positibotzat azpimarratu du: «Zapateroren bigarren itzuliko inbestidurak esan nahi du Gobernuko presidenteak loturarik ez duela nazionalistekin, bereziki EAJrekin».
Bozketan Kongresuko 350 diputatuek hartu zuten parte, oraingoan ez baitzen inor berandu iritsi, eta, horrenbestez, PSOEko 169 diputatuen babesa besterik ez du lortu Rodriguez Zapaterok, gehiengo osorako behar zituenak baino zazpi gutxiago; PPko 154 diputatuek ez ezik, ERCko hirurek eta UDPko bakarrak ere ezezko botoa emanzioten (158, guztira); eta 23 diputatu abstenitu egin ziren (CiU, EAJ, ERC, IU-ICV, CC, BNG eta NaBai). Bozketa ondoren, «duela lau urte baino gusturago» dagoela adierazi zien kazetariei Gobernuko presidente aukeratu berriak, orduan lehenengo bozketan eta gehiengo osoz hautatu zuten arren.
ABSTENTZIOAREN AZALPENA. Boto aukeraren azalpena ematean, EAJrena «abstentzioa konprometitua, ekintzaren aldekoa eta eraikitzailea» dela esan zuen Erkorekak. Bozeramaile jeltzalearen hitzetan, abstentzioa alde batetik «keinu kritikoa» da, «Euskadin hauteskundeak irabazi zituenak» Euskal Herrirako proiekturik ez duelako EAJren ustez, «inbestidurako eztabaidan frogatu ahal izan zenez»; baina, beste aldetik, normalizazio politikorako akordioa lortzeko elkarrizketarako prest dagoela adierazi nahi izan du EAJk, ezezkoa eman beharrean abstentzioa emanez -«akordioari oztopoak ez dizkiogu guk jarriko»-, nahiz eta «jabetzen garen euskal autogobernuari buruzko akordioak nekez betetzen direla gero Madrilen».
Uxue Barkosek, bozketa aurretik emandako azalpen laburrean, datozen lau urteotan Rodriguez Zapaterorekin desadostasun baino adostasun gehiago izateko desioa agertu zuen.
Gainerako indar guztietako bozeramaile guztiek ere, UDPko Rosa Diezek salbu, elkarrizketarako borondatea agertu zioten Rodriguez Zapaterori, baita PPk eta ERCk, ezezko botoa eman zioten arren.
Lankidetzarako proposamena, dena den, batez ere PPri egin zion Rodriguez Zapaterok. Europako Batasuneko gaietan, konstituzio organoen berritzean eta Justiziaren erreforman bezala, ETAren aurkako politika bereziki PPrekin hitzartu nahi duela adierazi zuen: «Oposizioko lehenengo indarrari zuzentzen natzaio aurrena, terrorismoaren aurkako borrokan denok partekatzeko estrategia zehazteko eta sostengatzeko».
Estatu itunak egiteko prestasuna agertu zion Raxoik, besteak beste ETAren aurkako politikari eta Estatu ereduari buruz. Espainiako bi alderdi nagusien artean akordioak egitea«behar nazionala» dela argudiatu zuen, eta behar horri erantzuteko lan egingo duela agindu.
«Oposizioko lehen indarrari zuzentzen natzaio aurrena, terrorismoaren aurkako estrategia zehazteko»
JOSE LUIS RODRIGUEZ ZAPATERO
ESPAINIAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA
«Bi alderdi handien arteko akordioa behar nazionala da, eta lan egingo dutbehar horri erantzuteko»
MARIANO RAXOI
PP-KO PRESIDENTEA
«Euskadin hauteskundeak irabazi zituenak Euskal Herrirako proiekturik ez du, eztabaidan frogatu zenez»
JOSU ERKOREKA
EAJ-KO BOZERAMAILEA
«Bigarren itzuliko inbestidurak esan nahi du Zapaterok ez duela loturarik nazionalistekin»
MIGUEL BUEN
PSE-EE-KO DIPUTATUA