Sanferminak / Entzierroa

Adar zauritu bakarra: zezena

Aurtengo lehen entzierroko arrisku gehien atzetik geratu den zezen beltz batek sortu du, baina, ez du inork adarkadarik jaso, eta kolpe batzuk salbu, entzierroa oso garbia izan da. Arriskua sortu duen zezen hori izan da zauritu den bakarra, adarra hautsi baitu. Zezena aurretik zihoan, beste batekin, baina Mercaderes eta Estafeta kaleak batzen diren bihurgunean erori egin dira biak. Bat, trabatuta geratu da, adarrak bailapean zituela, eta denbora luzez egon da han, geldi-geldirik, ezin altxatuta. Gizonezko batek lagunduta atera da azkenean, adar bat hautsita. Ordurako besteek aurrera alde egin diote, beraz, bakar-bakarrik egin du handik aurrerako bidea, ziztu bizian.

2005eko uztailaren 7a
11:23
Entzun
Santiago Domeq ganadutegiko zezenek bi minutu eta 55 segundo behar izan dituzte entzierroaren ibilbidea egiteko. Uste zena baino gutxiago da hori, ganadutegi horretako zezenak entzierro luzeak egin zaleak baitira.

Santo Domingoko aldapan zezen gorri batek bere ezkerrekoei eraso egiteko imintzioak egin ditu, baina inor jo gabe. Bi zezen beltzak aurrera ihes egiten hasiak ziren ordurako, eta Udaletxeko plazan mutil gazte batek eskapada ederra egin du haiekin. Bere ezkerretara alde egiteko erreza zuenean, eskuin aldera jo du, hain zuzen ere zezenak zihoazen aldera. Beltz bat jo du, eta lurrera erori da.

Mercaderes eta Estafeta arteko bihurgunean aurretik zihoazen bi zezenak erori dira. Bat trabatuta geratu da, beta besteak atzetik zetozen gainerakoekin bat egin du, eta bidean jarraitu. Haiek batera egin dute zezen plazara arteko bidea, garbi. Estafeta kalean eta telefonika parean korrikaldi politak egin dituzte.

Bien bitartean, adarra hautsi zaion zezena, bakarrik joan da, atzetik. Azkar egin du bidea. Telefonika parean, ia zezen plazara iritsita, tupust egin du, eta lurrera erori da. Arriskua sortu du, baina ez da ezer gertatu. Abiatu direnetik bi minutu eta 55 segundo pasatu direnean zezen plazako ukuiluan zeuden denak.

Bi lagun erietxera

Zezenaz gain bi lagun ere zauritu dira gaurko entzierroan, kolpeekin, arin: 30 urteko gizonezko bat eta 18ko emakume kanadar bat. Gizonezkoak buruan hartu du kolpea, eta emakumezkoak gerrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.