Irene Arrizurieta

Adarkatu bat eta hiru zauritu hirugarren entzierroan

2011ko uztailaren 9a
16:27
Entzun

Entzierro jendetsua eta azkarra izan da sanferminetako hirugarrena. Dolores Agirre ganadutegiko adardunek joaldunen atzetik atera dira Santo Domingoko ukuilutik eta horrela egin dute ibilbide guztia. Santo Domingo azkar igo dute eta eskuinetik zihoan zezen beltz bat espaloira igo da eta eroriko asko izan dira.

Udaletxeko plaza elkarturik pasa du taldeak eta Mercaderes ere bai. Estafetara sartzeko bihurgunea garbi hartu dute adardunek eta elkarrekin joan dira kalearen bukaerara arte. Larunbata izanik jendetzak korritu du entzierroa, batez ere zati horretan, eta zaila izan da lasterka egitea.

Estafetaren bukaeran taldea bitan zatitu da. Lehen taldea azkar sartu da zezen plazara eta ukuilura, baina atzetik sartu diren bi zezenek izua eragin dute plazan. Bi zezen beltzek itzuli erdi bat eman diote plazari. Azkenik, joaldun bati jarraituz sartu dira zezen plazako ukuiluan. Udaltzainek plazara bilutsik salto egin duen bat eraman dute.

Adarkatu bat eta beste hiru zauritu gutxienez

Gaurko entzierroan adarkatu bat izan da, eta gutxienez beste hiru lagun zauritu dira. Adarkatua 23 urteko gazte bat da, agintarien arabera, frantziarra. Ezker hankako izterrean sartu dio adarra zezenak, zezen-plazarako jaitsieran. Nafaroako Ospitalera eraman dute, baina adarkada arina izan da.

Beste hiru zaurituetatik bik aurpegiak hartu dute min, batek Telefonican eta besteak Santo Domingon. Hirugarrenak horkatilan zauria egin du, Udaletxeko plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.