"Une honetatik aurrera ez dut bizkartzain zerbitzua erabiliko. 1996tik daramat. Nekatuta nago; are gehiago, nire askatasun ezaz nazkatuta nago". Hala esan du gaur Jose Maria Ruiz Urtxegi Adegi Gipuzkoako enpresaburuen elkarteko idazkari nagusi izandakoak. Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuari gutuna helarazi dio, horixe jakinaraziz eta zerbitzua kentzeko neurriak har ditzala eskatuz, orain artekoagatik eskerrak ematearekin batera. "[Bizkartzaina kentzearen] Ardura nirea baizik ez da", dio Ruiz Urtxegik.
Hedabideetara ere igorri du gutuna, eta Mikel Cabieces Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak aipatu du errespetatzen duela haren erabakia, baina modurik egokiena ez dela hori.
Joxe Mari Korta Adegiko presidentearen hilketa inoiz ez duela ahaztuko adierazi du Ruiz Urtxegik -ETAk hil zuen hura, 2000n, bera Adegiko idazkari nagusia zen garaian-, eta salatu du erakunde armatuagatik bere familiak kalte fisikoak eta moralak jasan izan dituela. "Ez dut 'ETA' terminoa gehiago erabiliko ezertarako, eta gustatuko litzaidake inork ez erabiltzea nire aurrean".
ETAk joan den irailaren 5ean jakinarazi zuen "eraso ekintza armaturik" ez egitea erabaki zuela orain dela hilabete batzuk.
63 urte ditu Ruiz Urtxegik, eta 32 urtean aritu zen Gipuzkoako patronalaren zuzendaritzan, 2008ko martxora arte. Hain justu, 25 urtez izan zen Adegiko idazkari nagusia. Jose Miguel Aierza jarri zuten haren ordez.
politika
Adegiko idazkari nagusi ohiak uko egin dio bizkartzaina izateari
"1996tik daramat. Nekatuta nago; are gehiago, nire askatasun ezaz nazkatuta nago", jakinarazi du gaur Jose Maria Ruiz Urtxegik. 2008an utzi zuen Gipuzkoako enpresaburuen elkarteko kargua. ETA salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu