Heroina

Adi egon beharko

Europan heroinaren kontsumoa atzeraka doan arren, adituek ez dute baikorregiak izan nahi, krisi egoerak ekar zezakeelako droga hori berriro boladan jartzea.

Heroinaren kontsumoa jaitsi egin da, baina arazo larria da oraindik ere.
gotzon hermosilla
2014ko otsailaren 16a
12:54
Entzun

Artista ezagun bat, etxeko komunean edo hoteleko gela batean, xiringa besoko zainetan iltzatuta, zerraldo. Ez da istorio berria. Heroinak lagun ospetsu askoren heriotza eragin du zuzenean edo zeharka: John Belushi, Johnny Thunders, Dee Dee Ramone, River Phoenix, Glenn Quinn, Jean Michel Basquiat eta beste hainbat daude zerrenda beltz horretan. Horietako asko, heroinak gogor jotzen zuen garaian hildakoak, edo garai hartan kontsumitzen hasitakoak.

Garai hura iraganeko kontua dela uste dute askok. Azken finean, askoz informazio ugariagoa dago egun heroina kontsumoaren ondorioen inguruan. Philip Seymour Hoffman aktore estatubatuarraren heriotzak, joan den otsailaren 2an, agerian utzi du hori ez dela horrela. Eta zenbait lekutan alarma piztu du: bueltan al dator heroinaren kontsumoa?

Datuak, behintzat, argiak dira: kontsumoaren joera beheranzkoa da. Baina adituek adi egoteko gomendatzen dute. Arrisku faktoreak badaude, eta horietako bat egoera ekonomiko larria da.

Atzeraka

Drogen eta Toxikomanien Europako Behatokiak 2013. urteko txostena plazaratu du. Heroinari dagokionez, droga horrek "beheranzko joera" duela nabarmendu dute txostenean: heroina gutxiago kontsumitzen da, eta droga mota hori lortzea ez da garai batean bezain erraza. Artapen medikoa lehenengo aldiz behar duten heroinazaleen kopurua gutxitu egin da, bai eta droga horrek eragindako heriotzen kopurua ere. Heroinazaleen multzoa osatzen dutenen batez besteko adina gora dator urterik urte. Horrek guztiak adierazten du heroina atzeraka doala.

Eskaintzari erreparatuz gero, badirudi murriztu egin dela. Normalean, Poliziak atzemandako kantitateak eta droga horretatik merkatuan dauden kopuruak elkarrekin erlazionaturik daude: izan ere, Poliziak kopuru handiagoak harrapatu ohi ditu merkatuan droga asko baldin badago. Horregatik, atzemandako kopuruak adierazle fidagarritzat hartu ohi dira droga baten eskaintza urria ala ugaria den jakiteko. Heroinari dagokionez, Europan atzemandako droga kopurua aspaldiko baxuena izan zen 2011n: 6,1 tona. Hamar urte lehenago, 2001ean, halako bi harrapatzen zuen Europako poliziak: 12 tona.

Artapen medikoa lehenengo aldiz eskatzen duten heroinazaleen kopurua ere jaitsi egin da Europan. 2007an, 59.000 izan ziren, eta 2011n, berriz, 41.000: lehenengo aldiz tratamendua eskatu zuten drogazaleen %30. Datu horrek ere erakusten du, adituen arabera, heroinaren kontsumoak beheranzko joera duela eta gutxiago direla heroinazaleen multzora gehitzen diren kontsumitzaile berriak. Jaitsierarik handiena mendebaldeko herrialdeetan gertatu da.

Heroina da zainetan injektatuta kontsumitzen den droga nagusia. Hortaz, pentsatzekoa da kontsumoaren jaitsierak ekarri behar duela, modu berean, xiringak partekatzeagatik kutsatzen diren gaixotasunen hedapenaren jaitsiera, hiesarena bereziki. Drogen eta toxikomanien Europako Behatokiaren txostenean agertzen diren datuek erakusten dute hala dela, baina beste gertaera kezkagarri baten berri ere ematen dute: Grezian eta Errumanian ugaldu egin dira heroinaren kontsumoaren ondorioz GIBak kutsatutakoen kopuruak, eta horrek moztu egin du azken hamarkadan egon den beheranzko joera.

Gaindosi baten ondorioz hiltzen direnen kopurua ere txikitu da Europan. 2003tik 2008ra, kopuru horrek etengabe egin zuen gora, baina 2009 inguruan egonkortzen hasi zen, eta, geroztik, jaitsi egin da. 2011n 6.500 lagun inguru hil ziren Europan, opiazeoen gaindosi edo erreakzio batek jota. 2010ean, berriz, 7.000 izan ziren, eta 2009an, 7.500. Beheranzko joera hori, baina, ez da homogeneoa Europako herrialde guztietan. Zenbaitetan, oraindik ez zaio buelta eman horri, eta aurreko urteetan baino hildako gehiago egon ziren 2011n. Hildakoen batez besteko adina gero eta altuagoa da.

Gaindosia da heroinaren kontsumoari lotutako heriotza mota nagusia, baina ez bakarra. Xiringak partekatzeagatik GIBak kutsatzea ere izan daiteke heriotza iturri. Arlo horretan, 2010ekoak dira azken datuak, eta, horien arabera, 1.700 lagun inguru hil ziren urte hartan Europan arrazoi hori dela eta. Horretan ere, joera beheranzkoa da.

Juan Antonio Abeijon (Barakaldo, Bizkaia, 1951) psikiatra da, eta Bilboko Julian Ajuriagerra Osasun Mentaleko Zentroaren arduraduna. Hark dituen datuak bat datoz Drogen eta Toxikomanien Europako Behatokiak emandakoekin, eta Europako joera nagusi hori Euskal Herrian ere islatzen dela dio: "Opiazeoen kontsumo masiboa, heroinarena batez ere, atzeraka doa", berretsi du.

Horretarako arrazoiak askotarikoak dira, Abeijonen esanetan: "Batzuek zerikusia dute merkatuaren mekanismoekin. Geopolitikoki estrategikoak diren zenbait lurraldetan sortzen da heroina, eta badirudi gaur egun lurralde horiek garrantzi gutxiago dutela. Beraz, ekoizteko gaitasun txikiagoa dago, eta, ondorioz, heroina gutxiago dago merkatuan. Baina horrek bat egiten du eskariaren jaitsierarekin".

Krisi ekonomikoa

Baina, datuek beheranzko joera hori berresten duten arren, baikorregiak izateko tentazioari eusteko aholkatzen du Drogen eta Toxikomanien Europako Behatokiak, bere txostenean agertzen diren datuei «ñabardurak» egin behar zaizkielakoan baitago. Eta krisi ekonomikoa aipatzen dute: "Gazteen langabeziak eta zerbitzuetan eragindako murrizketek ekar dezakete aspaldiko zenbait arazo berriro agertzea".

Abeijon bat dator ikuspegi horrekin: "Heroina opiazeoa da, nerbio sistema zentralaren beheratzailea, eta badirudi kontsumitzaileek krisi garaietan gehiago eska ditzaketela mota horretako substantziak. Badirudi hori dela joera, eta, bestalde, egoera ekonomikoa eta soziala hobea denean jendeak baduela joera nerbio sistema zentralaren bizkorgarri diren substantziak gehiago kontsumitzeko".

Abeijonek dioenez, esperientziak berresten du hipotesi hori. 1980ko hamarkadaren amaieran eta hurrengoaren hasieran, krisi ekonomiko larriak bat egin zuen heroinaren kontsumoaren gorakadarekin, "lehen aipatutako merkatuaren mekanismoek ere lagunduta". Beste aldetik, Abeijonek gogoratu du garai hartan adituek aurreikusten zutela kokainaren kontsumoaren gorakada etor zitekeela berandu gabe. "Ohartarazpen horiek egiten zirenean, kokainaren kontsumoa nahiko murritza zen hemen", ekarri du gogora.

Orduan ere, bat egin zuten egoera sozioekonomikoak eta merkatuen mekanismoek. "80ko hamarkadaren amaieran, kokaina ekoizle ziren herrialdeek, Kolonbiak-eta, pisu txikia zuten geoestrategikoki", esan du Abeijonek. 90eko hamarkadan, gauzak aldatu ziren, "eta droga pizgarriek, kokainak, anfetaminak eta horietatik eratorriek, gorakada handia izan zuten kontsumoan".

Abeijonek nabarmendu du heroina oso droga "indartsua" dela eta ezaguna dela horren eragin lasaigarria: "Kontsumitzaileek esan ohi dute heroina hartu ostean gauzak izan beharko luketen moduan direla. Hala antzematen dute errealitatea, bai eta euren burua ere, heroina kontsumitu ondoren. Krisi garaian, non egoera ekonomiko larriak eta lanaren inguruko zalantzek ezinegona sortzen duten, pentsatzekoa da horrelako efektuak sortzen dituen droga batek arrakasta izan dezakeela".

Abeijonek behin eta berriro aipatu dituen merkatuaren mekanismoaren inguruan ere aipatzen da zerbait Drogen eta Toxikomanien Europako Behatokiaren txostenean. Horren arabera, ematen du drogaren merkatua orain "arinagoa eta dinamikoagoa" dela, eta "globalizazioa eta informazioaren teknologia berrietan izandako aurrerapenak" aipatzen dira aldaketaren eragile gisa.

"Datu soziologikoek joeren berri baino ez dute ematen", zehaztu du Abeijonek, "baina joera horiek konplikatu egiten dira adierazle berriak agertzen diren neurrian, faktore politiko, sozial eta ekonomikoak, esaterako. Horiek guztiak kontuan hartu behar dira".

Edonola ere, Abeijonek argi utzi nahi du heroinaren kontsumoaren balizko suspertze batek ez lukeela zerikusirik izango duela 25 urte gertatu zenarekin, egoera oso bestelakoa delako. "Garai hartan, heroinaren kontsumoa zenbait gaixotasun agertzeari lotuta iritsi zen; kontsumo molde jakin batzuen ondorioz kutsatzen ziren gaixotasunak, alegia".

Garaiak aldatu dira

Izan ere, kontsumoaren moldeak aldatu egin dira, eta oraingoak ezaugarri berriak ditu. Urte hauetan izandako aldaketen adibideak dira heroina zainetan injektatu beharrean haren lurruna arnasteko ohitura, kokaina eta anfetaminaren efektuak leuntzeko heroina noizean behin kontsumitzeko joera eta beste batzuk.

Beste aldaketa garrantzitsu bat sumatzen da duela 30 urteko egoera eta gaur egungoa alderatzen direnean: baliabideak askoz ugariagoak dira, arlo horretan aritzen diren profesionalek eskarmentu handia bildu dute denbora tarte horretan, eta heroinaren kontsumoaren joera aldaketa batek ez lituzke orain esku hutsik harrapatuko, garai batean gertatu zen bezala.

"Arazoari aurre egiteko oraingo estrategiak askoz zehatzagoak eta garatuagoak dira", esan du Abeijonek. "1980eko hamarkadan ez zen horrelakorik gertatzen, eta egunean egunekoari erantzuten saiatzen ginen orduan aritzen ginen profesionalak. Lan handia egiten zen kontsumo moduak aldatzeko, kontsumitzaileengana iristeko eta abar. Alde horretatik, eginda dago bidearen zati handi bat: gaur egun, badaude kontsumitzaileengana iristeko moduak, ikerketa asko egin dira, eta asko aurreratu dugu. Orain, badakigu droga kontsumoarena fenomeno konplexua dela eta, hortaz, erantzunek ere konplexuak izan behar dute". Horregatik, Abeijonek uste du orain joera aldaketa bat egongo balitz eta heroinaren kontsumoak berriro gora egingo balu emaitza ez litzatekeela izango 80ko hamarkadan gertatutako sarraskiaren parekoa.

Alabaina, horretan ere, argi-itzalak sumatzen dira. Egia da gaur egun badagoela arazoari aurre egin ahal izateko egitura oso bat, metatutako jakintza, prestakuntza eta eskarmentua, eta askoz baliabide ugariagoak. Baina, era berean, egia da osasun eta gizarte arloan azken urteotan izandako murrizketek arriskuan jar dezaketela orain arte egindakoa, noiz eta horren beharra sekula baino ageriagoa izan daitekeenean. Hori da, behintzat, arlo horretan lan egiten duten profesionalek azken bolada honetan behin eta berriro salatzen dutena.

Juan Antonio Abeijon ere iritzi horretakoa da, eta uste du "murrizketak erantzuteko gaitasunean eragina" izaten ari direla. Hala ere, zehaztu du "estrategiak eta irizpideak" ezarriak daudela. "Horren adibide da hemen aipagai dugun Drogen eta Toxikomanien Europako Behatokiaren urteroko txostena. 80ko hamarkadan ez geneukan horrelako tresnarik, eta oso baliagarria da irizpideak zehazteko".

"Denboran atzera"

Philip Seymour Hoffmanen heriotzak iritzi publikoa astindu du Ameriketako Estatu Batuetan eta hortik kanpo ere. Abeijoni ulergarria iruditu zaio: "Oso pertsona ezaguna zen, lan handia egindakoa eta estimatua. Horrelako pertsona bat hilik agertu den moduan agertzea kolpe bat da: denboran atzera eramaten gaitu, eta beste garai batzuetako irudiak ekartzen dizkigu gogora".

Anekdota hutsa izan daiteke Hoffmanen heriotza. Baina Abeijonek «erne» egoteko aholkatu du: "Arlo honetan aritzen garenok oso adi egon behar dugu joera aldaketa bat adieraz dezakeen edozein zantzurekin. 80ko hamarkadaren amaieran eta 90ekoaren hasieran ere egon ziren seinale batzuk handik gutxira kokainaren kontsumoak gora egin zezakeela adierazten zutenak. Nik uste dut garrantzitsua dela zantzu horiekin erne egotea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.