Adi positiboei (eguneko laburpena)

Positiboen kopuruak gora egin du, atzoko datuekin alderatuta; hildakoen kopuruak eta ospitaleratuenak, berriz, behera.

Testak egiteko gune bat, Bizkaian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Pello Urzelai.
2020ko apirilaren 22a
19:06
Entzun

Hildakoen kopuruak koxka bat behera egin du, gaurko datuen arabera. Beste 25 hildako zenbatu dituzte (guztira, 1.527), baina martxoaren 25etik ez zen horrelako kopururik ematen. Bestalde, proba gehiago egin dira eta positibo gehiago atzeman dituzte. Bigarren egunez, positiboen kopuruak gora egin du. 350 positibo berri izan dira, bezperan baino 54 gehiago. Araban, 30; Bizkaian, 160; Gipuzkoan, 33; eta Nafarroan, 127. Deigarria da Nafarroako kopuru altua. Adi jarraitu beharko zaio positiboen bilakaerari datozen asteetan. Ospitaleratuen datua baikorra izan da: 1.201 pertsona daude ospitaleratuta, bezperan baino 94 gutxiago. ZIUn, 177 pertsona (16 gutxiago).  

Ikasturte amaierako jarraibideak zehazten ari dira. Eusko Jaurlaritzak eskolei bidali dizkie gaur ikasturtea amaitzeko argibideak. Haien arabera, itxialdi aurreko ebaluazioak hartuko dituzte oinarri azken kalifikazioetarako. Errepaso eta errefortzu proposamenak egingo dituzte udarako, betiere eskolak ireki gabe. Ipar Euskal Herriko ikasgeletan, aldiz, maiatzaren 11tik aurrera itzulera progresiboa aurreikusi du Frantziako Hezkuntza ministerioak. 

DATUAK: Koronabirusaren azken datuak

MAPA: Koronabirusaren zabalpena herriz herri eta osasun eremuka

ZUZENEKOA: Eguneko jarraipena, gertatu ahala kontatuta

 

Agian honek ere merezi du

Bakardadea erditzean. COVID-19 zuela Donostiako ospitalean erditu zen lehen emakumearen bizipena jaso du BERRIAk, haren bikotekidearen ahotik, Irati Urdalleta kazetariak bilduta. Bakardadea eta beldurra nahastu dira jaiotzaren bizipozarekin.

Selam Palace. Erromara iristen diren eta harrera zentroetan onartzen ez dituzten migratzaileen aterpetxea da. Egun Eritrea, Somalia eta sudango 800 pertsona bizi dira. Horietako bik positiboa eman dute koronabirusaren proban eta Italiako gobernuak zona gorria izendatzea erabaki du. Militarrek eraikin guztia inguratu dute. Egoera latz horren berri eman du Ane Irazabal kazetariak 'Zaitun' podcastean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.