Adierazpen askatasunaren aldeko konferentzian batu ziren atzo, Bruselan, Espainiako Estatuak eskubide hori murriztu dien hainbat lagun. Martxelo Otamendi, Casandra Vera eta Cesar Strawberry izan ziren hizlari, besteak beste, Josu Juaristi EH Bilduko legebiltzarkidea eta Maria Albiol Guzman IUkoa lagun zituztela.
Egin auzia eta Egunkaria auzia azaldu eta salatu zituen Otamendik. Salatu zuen Espainiako Estatuak eskubide zibil eta politikoak jazarri dituela bi auzi horietan baina baita gehigotan ere. Estatuaren jazarpen hori orain moldez aldatu dela baina jarraitu egiten duela ohartarazi zuen, gainera. Hau da, estrategia aldatu duela Espainiak. Gaur egun ez dituzte halako polizia operazio handiak egiten mugimendu zibilen kontra, baina, Otamendiren arabera, jazarpenak twitterren jarraitzen du, adibidez. Estatuak twiterren jende jakin bat jarraitzen duela eta isiltzen saiatzen dela salatu zuen.
Horren erakusle dira, hain justu, Otamendik mahaian lagun izan zituen beste biak Casandra (@kira_95) epaitu eta zigortu egin zuten Carrero Blancori buruzko 13 txio idatzi zituelako. Cesar Strawberry Def Con Dos taldeko (@DEF_CON_DOS) abeslariari gauza bera egin zioten Ortega Larari buruz idatzi zituen txioengatik. "Kritikoak diren adierazpen kulturalak jazartzen dira, eta hori Europara zabaldu nahi dute", salatu zuen Strawberryk.