Auzitegi Nazionala

Adierazpenak torturapean egin zituztela deklaratu dute Segikoak izatea egotzita epaitzen ari diren gazteek

Hernani eta Urnietako hamar gazte epaitzen ari dira Madrilen. "Talde terroristako kide" izatea egozten die fiskalak, eta zazpi eta bederatzi urteko zigorrak eskatzen ditu haientzat. Inkomunikatuta eduki zituztenean egindako deklarazioak dira haien kontrako "froga" nagusia. Aitzol Arrietak deklaratu du: "Kolpeak eman zizkidaten, beti buruan". Mikel Garciak, Ekhi Oñatek, Egoitz Balerdik eta Asier Olanok ere tortura eta tratu txarrak salatu dituzte, eta guztiek ukatu dute Segiko kide direla.

Oihana Elduaien Uranga.
2012ko irailaren 19a
18:55
Entzun

Atzo hasi zen Espainiako Auzitegi Nazionalean Hernani eta Urnietako hamar gazteren kontrako epaiketa. Bostek deklaratu zuten atzo, eta gaur beste bost gazteak ari dira deklaratzen. Guztiek ukatu dute Segiko kide direla, eta den-denek tortura eta tratu txarrak salatu dituzte. Azaldu dute inkomunikatuta eduki zituztenean esan beharrekoak buruz ikasarazi zizkietela eta horregatik egin zituztela beren buruen kontrako adierazpenak, nahiz eta ez izan egia. Epaiketak bihar jarraituko du, lekukoekin.

Aitzol Arrieta hasi da, eta tortura testigantza eman du. Gogor jotzen zutela dio, batik bat buruan. Belauniko edukiarazi zutela. "Une batean, biluztu egin ninduten, paretaren kontra, behera begira. Hor... hor... burua galdu nuen".

Iñigo Iruin abokatuaren galderei erantzunez esan du ez dela izan inoiz Segiko kidea eta ez duela kale erasoetan parte hartu. Lezoko Gazte Topagunean parte hartu zuela esan du; akelarrea egitera joan zirela Hernaniko Gazte Asanbladakoak, eta gero kontzertuetan gelditu zirela. Baina Topagunea ez zuela berak antolatu.

Mikel Garciak ere inkomunikatu zutenean tortura eta tratu txarrak eman zizkiotela esan du. "Legez kanpoko deklarazio asko egin zizkidaten, eta derrigortu egin ninduten hainbat gauza esatera". Mehatxuak egin zizkiotela kontatu du, familiarekin, bikotekidearekin... "Konortea galtzeraino iritsi nintzen. Gela batean nengoen, bero handia neukan, ez zidaten arropa kentzen uzten. Eskuburdinak jarriak nituen. Oso-oso urduri nengoen. Boltsa jarri zidaten, eta konortea galdu nuen".

Segiko kide ez dela inoiz izan erantzun dio Garciak Aiert Larrarte abokatuari. Kale erasoetan ere ez duela parte hartu.

Ekhi Oñatek ere tratu txarrak salatu ditu, Onintza Ostolazaren galderei erantzunez: "Etxepetik atera aurretik begiak estali zizkidaten". Madrilera eraman zuten arte begiak estalita eduki zutela azaldu du. Medikuarenera eraman zutenean kendu ziotela, eta gero berriz jarri. Kolpeak eman zizkioten, galdera etengabeak eta mehatxuak egin zizkioten. Auzi medikuari ez zion kontatu zer gertatzen ari zen. "Atea erdi irekita zegoen, eta haiek kanpoan zeuden. Beldur nintzen". Negarrari eutsi ezinda azaldu du amak epilepsia duela eta poliziek esan ziela erietxean zegoela bere erruz. "Gustura egongo zara", esan ziotela. "Lur jota nengoen".

Egoitz Balerdi jaka batekin burua estalita atera zuten etxetik, eta autoan sartu zutenean eskuburdinak "estu-estu" lotu zizkioten. Kolpeak eman zizkiotela esan du. Ikasarazi egin ziotela deklarazioa hari ere. Segiko kide ez dela inoiz izan esan du, Jose Mari Elosuak egin dion galdeketan.

Asier Olano da deklaratzen azkena. Donostiako auzi medikuarengana eraman arte tratua "zuzena" izan zela dio. Handik atera orduko, ordea, "kolpeak, mehatxuak eta astinduak" hasi zirela. Madrilera bidean, amari bihotzekoak eman ziola esan zioten. Buruz ikasarazi zioten hari ere deklarazioa. "Deklarazioa polizia batzuekin prestatzen nuen, eta, gero, haiek berek hartzen ninduten".

2009an atxilotu zituzten epaitzen ari diren hamar lagunetatik zortzi, eta zazpik inkomunikazio garaian tratu txarrak jasan zituztela salatu zuten. Beste bi lagun deklaratzera joan ziren beranduago.

Baltasar Garzon epailearen aginduz egin zuen operazio hura Espainiako Poliziak. Garzonek berak abiatutako ildoari jarraitzen zion. Hura izan zen 2001. urtean Jarrai-Haika-Segi auzia abiatu zuen epailea. 2007an Auzitegi Gorenak hiru gazte erakunde horiek legez kanpokotzat jo zituenetik, hainbat polizia operazio egin dira Euskal Herrian. Horietako bat da Hernanin egin zutena. Segiko kide izan eta “talde terroristako kide” izatea egotzita epaituko dituzte.

Epaituak:

Egoitz Balerdi, bederatzi urteko espetxe zigor eskaera
Mikel Garcia Otamendi, bederatzi urteko espetxe zigor eskaera
Txaber Zabaleta, zazpi urteko espetxe zigor eskaera
Axier Olano, zazpi urteko espetxe zigor eskaera
Ekhi Oñarte, zazpi urteko espetxe zigor eskaera
Jon Ezeiza, zazpi urteko espetxe zigor eskaera
Antton Zabala, zazpi urteko espetxe zigor eskaera
Ekaitz Telleria, zazpi urteko espetxe zigor eskaera
Iñigo Alzelai, zazpi urteko espetxe zigor eskaera
Aitzol Arrieta, zazpi urteko espetxe zigor eskaera

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.