AHT

Adifek 43 milioitan eskaini du Azkoien eta Erriberri arteko AHTaren obra

Sei urte ziren Nafarroan tren lasterrari buruzko obra berririk ez zela lizitatzen. Espainiako Gobernuak Nafarroakoa obren kudeaketatik baztertu eta AHTaren lanak bere eskuetan hartu zituenetik egindako lehen lizitazioa ere izan da.

Azaroaren 11n manifestazioa egin zuten Iruñean, AHTren kontra. JAGOBA MANTEROLA, ARGAZKI PRESS
2017ko azaroaren 29a
17:43
Entzun

Iñigo De la Serna Espainiako Sustapen ministroak iragarri du lizitazioa Espainiako Diputatuen Kongresuan, Unidos Podemosen galdera bati erantzunez. "Aurreneko lizitazioa baimenduko dugu", esan du. Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzailearen administrazio kontseilua arratsaldean bildu da, eta onartu du lehiaketara ateratzea obra.

Azkoien eta Erriberri arteko zatiko obrei ekitea proposatu du Adifek. 43.194.850,2 eurotan eskaini du obra, BEZ barne, eta 29 hilabeteko epea jarri du lanak bukatzeko. Orain enpresek beren eskaintzak aurkeztu ahalko dituzte, AHTaren obra berriak Nafarroan sei urtez geldirik egon eta gero.

Eskainitako obra zatiak 10,3 kilometroko luzera du, eta Azkoien, Martzilla, Faltzes eta Erriberriko lurrak ukitzen ditu. Joan diren asteetan egin dituzte lurren desjabetzeak, hainbat herritarren protesten artean.

Obra Zaragoza—Iruñea tren lasterraren linea barruko atal bat da, zeina, aldi berean, Kantabrikoaren eta Mediterraneoaren arteko korridoreko parte den. Azterketa lan gehiago ere egin izan dituzte zati horretan, baina, praktikan, bi zatitan bakarrik egin dituzte obrak orain arte: Castejon eta Cadreita arteko zatia —40,6 milioi euro; 6,2 kilometroko luzera— 2011ko azaroan lizitatu zuten; Cadreita eta Alesbes arteko zatia —35,9 milioi euro; 8,6 kilometroko luzera— 2011ko maiatzean lizitatu zuten.

"Kontratu berri hau lizitatuta [Espainiako Sustapen Ministerioak azaldu duenez], Nafarroako abiadura handiko etorkizuneko sarea modu integralean kudeatu eta garatzeko konpromisoa beteko du ministerioak, epeak gehiegi ez atzeratzeko eta gauzatzeko beharrezko diren prozesuak arintzeko".

Urriaren 16an bidali zion Nafarroako Gobernuak Azkoien-Erriberri AHTaren zatia egiteko proiektua Espainiako Sustapen Ministerioari. Tren lasterraren kudeaketari buruz ados jarri ezinik aritu dira bi administrazioak hilabeteetan. Bestalde, UPNk akordio bat egin zuen Espainiako Kongresuan PPrekin, AHTaren lanak bizkortzeko Nafarroan. Madrilek, azkenean, obrak bere gain hartzea erabaki du, eta hori erabaki eta laster egin du lehen lizitazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.