Europako Batasunak ezarritako trenbideetako tuneletako segurtasuneko baldintzak ez ditu bete Adifek Bilbo eta Gasteiz arteko tuneletan. Europak derrigortzen du 1.000 metrotik gorako tuneletan larrialdi irteerak egitera, Europako Trenbideetako Tunelen Segurtasunari buruzko Interoperabilitateko Zehaztasun Teknikoen (ETI) bitartez. «Larrialdi irteerak egon behar dute, gutxienez, 1.000 metroko», dio legeak. BERRIAk jakin duenez, Udalatx (3.191 metro) eta Induspeko (2.224 metro) tuneletan baldintza hori ez dute bete Sustapen Ministerioak eta Trenbide Azpiegituren Kudeatzaileak (Adif).
Besteak beste, Udalatxeko tunelean izan da BERRIA, eta egiaztatu du tunelak dituen 3.191 metroetan ez dagoela larrialdi irteera bakar bat ere. Hain zuzen ere, Europako legediaren arabera, hiru irteera izan beharko lituzke tunel horrek, irteera bakoitzaren artean ezin delako 1.000 metro baino distantzia handiagorik egon.
Larrialdi irteerak egin beharraz gain, ETIak beste baldintza batzuk ere zehazten ditu segurtasun baldintzak bermatzeko. Esate baterako, 300 lagunentzako segurtasun esparru bat egon behar du larrialdi irteerekin lotua. Gune horrek 500 metro koadroko hedadura eduki behar du, eta gutxienez bost metroko zabalerako errepide batekin egon behar du lotuta. Segurtasun neurri horiek oso garrantzitsuak dira tunel barruan edozein istripu edo ezbehar gertatuko balitz suhiltzaileek eta sorosleek baldintza egokietan jardun ahal izateko.
BERRIAk galdetuta, Adifek gogoratu du tunel horien obren tramitea martxan zela ETIa onartu zenerako. «Beraz, Adifek eraikitako linea horretako tunel hauetan —Udalatx, Zaratamo eta Induspe— ez da zertan aplikatu araudi berria, baizik eta zaharra, eta hark ez zuen zehazten larrialdi irteeren artean gomendatutako distantziarik», adierazi du.
Datei erreparatuta, Udalatxeko tunela barne hartzen duen Arrasate-Elorrio AHTaren tartea 2007ko urtarrilean eman zion Adifek Obras Subterraneas enpresari. Europako araudia (ETI) eztabaidatzen ari ziren ordurako, eta eztabaida horren jakinaren gainean zeuden Sustapen Ministerioko eta Adifeko arduradunak. Agiria 2007ko abenduan onartu zuen Europako Batzordeak, eta 2008ko urtarrilean jarri zen indarrean. Ordurako Arrasate-Elorrio zatiaren obrak martxan ziren, baina Udalatxeko tunela, esate baterako, 2009ko azarora arte ez ziren zulatzen hasi. Beraz, urtebete baino gehiago eduki zuten obra proiektua araudi berrira egokitu ahal izateko.
Induspeko tunelarekin oraindik denbora gehiago eduki zuen Sustapen Ministerioak beharrezko egokitzapenak egiteko. Tunel hori barne hartzen duen Aramaio-Ezkoriatza zatia 2007ko apirilean eskaini zuen, eta Zaratamo tunela dagoen Galdakao-Basauri, 2007ko irailean. Udalatx eta Induspe tuneletan ez bezala, Zaratamokoan bai egin dute larrialdietarako galeria bat. Zergatik horretan bai eta besteetan ez? Hori ere ez du esplikatu Adifek.
Galdetu arren, Adifek ez du zehaztu zer araudi aplikatu duen tunel horietan. Udalatxeko tunelaren eraikuntza proiektuan —800 orriko txosten mardul bat da— tuneletako segurtasunari buruzko 10 orriko atal bat dago. Eraikuntza proiektuak Espainiako trenbideetako tuneletako segurtasunari buruzko argibide zirriborroa (STF-2004) aipatzen du erreferentzia gisa, eta ildo horretan, larrialdi irteerak eta errepideekin lotutako segurtasun guneak egiteko beharra adierazi du Adifek. «1.500 metro baino luzeagoak diren tuneletan, Udalatxeko tunelaren kasuan bezala, gomendatzen da larrialdi irteerak edo putzuak egitea, bidaiariei bermatzeko kerik gabeko galeria eta esparruetara iristea».
Nolanahi ere, Adifek agiri horretan zehazten du segurtasunari buruzko gomendio bakar bat ere ez dela legez bete beharrekoa, nahiz eta aitortu etorkizuneko araudi esparrua halakoa izango dela. «Oinarri horiek erakusten dute obra hauetan etorkizunean aplikatu beharko den araudia». Baina legez derrigorrezkoa ez denez, larrialdi irteerarik ez egitea hobetsi zuen Adifek, erabaki hori zergatik hartu duen esplikatu gabe: «Plataformaren Eraikuntza Proiektuan ez da aintzat hartu larrialdi irteerak egiteko gomendioa».
Alabaina, salbamendu edo segurtasun guneak egitea bai. Hain zuzen ere, Karraskaingo tuneleko hegoaldeko sarreran eta Udalatxeko hego zein iparraldeko sarrera-irteeretan 600 metro koadroko segurtasun plataformak egiteko deliberoa azaltzen du. Nolanahi, gaur-gaurkoz plataforma horiek eta errepide sarearekin lotu behar duten porlanezko pistak atondu gabe daude.
Europako trenbideetako tunelei buruzko araudia onartu eta berehala egokitu zuen Espainiako Gobernuak bere legea horretara. Hain zuzen ere, 2008ko martxoaren 7an onartu zuen Trenbideetako Tuneletako Segurtasunari buruzko Interoperabilitateko Zehaztasun Teknikoa: 2008-03-07-DOUE. Adifek gogoratu du Espainian araudi hori 2008ko uztailaren 1ean jarri zela indarrean, eta ondorengo proiektu guztiei ezarri zaiela. Horiek horrela, urte eta erdi eduki zuten, legea indarrean ezarri zenetik Udalatxeko tunela zulatzen hasi arte.
Jaurlaritza, zorrotzago
Jaurlaritzak eraikitako AHTaren zatiko (Bergara-Astigarraga) tunel guztietan daude segurtasun neurriak ezarrita. Kasu batzuetan, gainera, Europako araudia indarrean jarri aurretik eginda daude tramiteak. Hori da Ordizia-Itsasondo zatiaren kasua. 2007ko uztailean eskaini zuen zati hori Jaurlaritzak; alegia, Bilbo eta Gasteiz artean aipatutako beste tunel horien garai bertsuan. Zati horrek 2,8 kilometroko tunel bat dauka. Eraikuntza proiektua —2006an idatzia— argia da larrialdi irteerei dagokienez: «Tunelaren luzerarengatik (2.814 metro) segurtasunari buruzko gomendioei jarraiki, behartuta gaude diseinuan huste galeria bat egitera eta segurtasun guneak eraikitzera tunelen sarrera-irteeretan».
Eusko Trenbide Sareak (ETS) Espainiako trenbideetako tuneletako segurtasunari buruzko argibide zirriborroa (STF-2004) hartu zuen aintzat kasu horretan. Edonola ere, Europan eztabaidatzen ari ziren araudia ere aipatu zuen ETSk eraikuntza proiektu horretan: «Egun prestatzen ari dira, eta berehala onartuko da, trenbideetako segurtasunari buruzko beste araudi bat. Araudi horrek jauzi kualitatibo garrantzitsu bat dakar tuneletako proiektuetan, eta aurrerantzean segurtasun irizpideak nagusi izango dira diseinuaren arlo guztietan».
Hain zuzen ere, irizpide horri jarraitu beharra aipatu zuen ETSk, eta, hala, proiektu horretan neurri hauek jarri zituzten baldintza gisa: «Tunelaren edozein tokitatik kerik gabeko gune batera gehienez 750 metro egongo dira». Aldi berean, larrialdi galeriaren irteeran 1.500 metro koadroko gune bat aurreikusi zuen sorospen lanetarako.
Trenbideetako tuneletako segurtasunak garrantzi handia dauka nazioartean ere. Trenbideetako Nazioarteko Batasunak UIC 779-9A.2002 gomendioan zehazten du toki seguru batera iristeko distantzia sekula ezin dela izan 1.000 metro baino gehiagokoa. Hain zuzen ere, Europako Batzordeak gomendio horri jarraiki onartu zuen gaur egun Europako Batasuneko herrialde guztietan indarrean dagoen araudia.