Ezbeharra

Adifeko segurtasun arduradunak inputatu ditu Santiagoko epaileak

Santiago de Compostela eta Ourense arteko trenbide zatiko segurtasun neurriak ez zirela nahikoak uste du uztailaren 24ko istripua ikertzen ari den epaileak. Ez du ukatu, ordea, gidariaren erantzukizuna.

2013ko abuztuaren 20a
18:53
Entzun

Trenen azpiegiturak kudeatzen dituen Adif enpresa publikoko segurtasun arduradunak edo arduradunek inputatu gisa deklaratuko dute Santiagoko tren istripua ikertzen ari den epailearen aurrean.

Uztailaren 24an Santiago de Compostela eta Ourense artean (Galizia) gertatu zen tren istripuan 79 bidaiari hil ziren, horietatik bi, euskal herritarrak. Trenaren zati horretan segurtasun baldintzak ez zirela aski uste du epaileak, eta horregatik deitu ditu deklaratzera, inputatu gisa, trenbide zati horren segurtasunaz arduratzen direnak.

Luis Alaez epaileak 11 orrialdeko autoa eman du argitara gaur. Ez du ukatu trenaren gidariaren erantzukizuna; gehiegizko abiaduran zihoala eta horrek eragina izan zuela zehaztu du. 

Baina epaileak erantsi du trenari ezarritako segurtasun baldintzak ez zirela nahikoak, kontuan hartzen bada trenak amiltzeko edo bidetik irteteko arriskua sortzen dutela trenbide zati horretako ezaugarriek.

Adibidez, epaileak aipatu du istripua gertatu zen bihurgunetik 300 metro eskasera dagoela orduko 80 kilometrora joateko agintzen duen seinalea. Eta horrek asko zailtzen du abiadurari lotutako akats bat gidariak bere eskuz konpondu ahal izatea, epailearen esanetan.

Renferi eta Adifi ere eskariak egin dizkio epaileak. Zati bakoitzean trenek zer abiadura izango duten zehazteko irizpide teknikoak, segurtasunari buruzko protokoloak eta barne mailako auditoriak eskatu dizkie, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.