Adineko andreen aurkako indarkeria ekiditeko neurriak eskatu ditu LABek

Sindikatuak dio Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 13.000 adinekok tratu txarrak jasan dituztela; emakumeak dira %72

Amelia Sanchezen hilketa gaitzesteko elkarretaratzea egin zuten Bilbon 2010eko otsailaren 10ean. M. DEL VALLE / ARP.
jon olano
Donostia
2011ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Adineko emakumeen aurkako genero indarkeriako kasuak saihesteko neurriak hartzeko eskatu du LAB sindikatuak. Izan ere, ikerketa ugarik azaleratutako datuak bildu ditu LABek, eta ondorioztatu du 60 urtetik gorako andreek dutela babes gutxien genero indarkeriaren aurrean.

LABeko emakumeen arloko idazkari Zaloa Ibeasek agerraldia egin zuen atzo, sindikatuan pentsiodunen esparruan diharduten hainbat emakume lagun zituela. Ibeasek adierazi zuenez, emakumeen aurkako indarkeria «estrukturala» da, «jaiotzen direnetik hiltzen diren arte, esparru guztietan» jasaten baitute. Genero indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna da azaroaren 25a, eta, egun horren atarian, emakume adinekoen egoeraz ohartarazi zuen Ibeasek.

Adinekoen aurkako tratu txarrei buruz argitaratu dituzten hainbat ikerketaren gaineko irakurketa egin du LABek. Eusko Jaurlaritzaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 60 urtetik gorako 13.000 biztanle inguruk tratu txarrak jasaten dituzte, eta horietako %72 emakumeak dira. Gainera, tratu txarrak ematen dituztenen %75 familiako gizonezkoak dira. Sendian, tratu txarren arduradunak seme-alabak dira kasuen erdietan, eta bikotekidea %25ean. Eusko Jaurlaritzak eginiko azterketez gain, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek, Maria Teresa Bazo EHUko irakasleak, Elkartzen Euskal Herriko eskubide sozialen aldeko mugimenduak eta LABek berak azaleratutako datuak baliatu ditu sindikatuak, eta tratu txarren sei aldaera izan ditu kontuan: arduragabekeria fisikoa, arduragabekeria psikologikoa, tratu txar fisikoa, tratu txar psikologikoa, gehiegikeria ekonomikoa eta sexu gehiegikeria.

Bortxak, pobreziarekin gora

Datuen arabera, tratu txarren biktima izan direnen%36,4ren baliabide ekonomikoak «oso baxuak» dira; 300 eta 600 euro bitartean jasotzen dute hilero. LABen arabera, «jendarte kapitalista patriarkalean» datza andreen aurkako indarkeriaren arrazoia, andreak «mendetasunera eta gizonekiko mendetasun ekonomiko eta afektibora kondenatzen» dituelako. «Lan merkatu arautuan sartzea mugatua izan dugu; mendetasun egoerei aurre egiteko independentzia ekonomikoa ukatu zaigu, errekurtso falta dela eta», azaldu du Itziar Usandizaga LABeko pentsiodunen arloko kideak: «Gure gain utzi dituzte zaintza lanak, gure beharrizan propioak kontuan izan gabe; gure etorkizunean eragina izango duten erabakietan ez digute parte hartzen utzi, jendartean gutxietsiz». 80 urtetik gorakoen egoera oroitarazi du Usandizagak. Izan ere, alargunak dira horietako asko, eta alarguntza pentsioa da haien diru sarrera bakarra.

Mendetasun ekonomikotik irteteko, «benetako kontziliazio neurriak» eskatu ditu Usandizagak, eta «kanpainetatik harago» joatea galdegin die erakunde publikoei. Horretarako, hezkuntza ez sexista, pentsio propioa eta bizileku duinerako eskubidea aldarrikatu ditu. Halaber, hedabideen eta kulturaren bitartez zabaltzen den genero indarkeriako edozein adierazpen desagerrarazteko eskatu dute. Bestalde, atsekabea adierazi zuten Usandizagak eta Ibeasek, genero indarkeriaren gainean egiten diren ikerketak «partzialak» direla uste baitute: «Ez dute aintzat hartzen adineko emakumeek jasaten dituzten tratu txarren egoeren jatorria».

2010a, urte beltza

Emakumeen aurkako indarkeriari dagokionez, urte beltza izan zen 2010a; zazpi emakume hil zituzten bikotekide, bikotekide ohi edo etxeko beste gertukoren batek. Horietatik bi, Amelia Sanchez eta Isabel Velez, ustez semeek hil zituzten, hamabi egunen bueltan. 65 urte zituela hil zuten Sanchez, Barakaldon (Bizkaia), otsailaren 8an. Ertzaintzaren arabera, eztabaida izan zuten ama-semeek, eta labankada bat eman zion semeak. Hainbat salaketa zituen aurretik, bikotekide zuenari eta amari sarritan eraso egin izana egotzita. Velezek, berriz, 48 urte zituen hil zutenean; Lasarte-Orian (Gipuzkoa) izan zen, otsailaren 19an. Familiarekiko urruntze agindu ugari ezarri zizkioten semeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.