Adinekoen bizi maila hobetzeko iradokizunak egin ditu Jaurlaritzak

Zaharrek gizartean aktiboki parte hartzea eta herritarrek horri garrantzia ematea da helburua

Hainbat adineko tai txi ariketak egiten Donostiako Trinitate plazan, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
2011ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Zahartzen ari diren pertsonen ongizatean eta tratu onean aurrerapausoak emateko ehun proposamen. Izen horrekin aurkeztu zuen atzo Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietako sailburuak zaharrei bideraturiko arreta eredu berria. Administrazio publikoek eta hainbat elkartek garatutako dokumentu bat da, eta helburua zaharrek euren garapenean aktiboki parte hartzea eta gainerakoek hori positiboki baloratzen dutela ikustea da. «Adinekoak agente aktiboak dira, eta gizarteari eskain diezaioketena guztiz baliagarria da», aditzera eman du Zabaletak. Halaber, haien bizi-kalitatea hobetzeko teknologia berriak aplikatuko dituzten proiektu batzuk martxan daudela gogorarazi du; besteak beste,Osasungintzarako Gizarte Berrikuntza Zentroa eta Etxean Ondo proba proiektua.

Adinekoen kopuruak gora egin du azken urteetan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 65 urtez gorako 417.659 pertsona daude orain, hau da, biztanleriaren %19,2. Etorkizunera begira, Eustaten iragarpenek argi uzten dute joera bera mantenduko dela: 2050ean biztanleen %38,8 izango dira 65 urtez gorakoak. Laburbilduz, hamar lagunetik lauk gaindituko dute zahartzaroaren muga.

«Aukera eta formula berriak martxan jarri behar ditugu adinduengana iristeko, horretarako gizarte erantzukizuna baitugu», azpimarratu du Zabaletak. Formula berri horien artean kokatzen da adinekoei etxean eman beharreko zerbitzua. Hain zuzen ere, haiek izan dira beren errealitate sozial, kultural eta ekonomikotik irteteari uko egiten diotenak, beren ongizatea bermatzeko norbere bizilekua mantentzea ezinbestekotzat baitaukate.

Alfonso Guergui Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietako sailburuordeak ere proposamen berrien alde egin du: «Gaur aurkeztutako dokumentua helduez eta profesionalez osaturiko foroetan eztabaidatuko da orain, eta 2012. urtearen hasierarako jardunbide zehatzak barneratuko dituen beste agiri bat osatuko dugu. Berau izango da behin betiko proposamena», azaldu du.

Hiru helburu

Dokumentuan hiru xede nagusi finkatu dituzte, hiru ataletan bereiziak, eta bakoitza aurrera ateratzeko hainbat jarraibide eman dituzte bertan. Lehenik eta behin, adinekoen autonomia eta gizarteratzea errazteko neurriak hartzeko helburua zehazt dute, gizartearen atal aktibo eta dinamiko direlako erabateko gaitasunak mantentzen dituzten heinean.

Jomuga hori izanik, zaharrei erabakiak hartzea errazteko argibideak jaso dituzte proposamenetan; besteak beste, familia bizitza antolatzeko aholkuak, sare sozialetan aritzeko gomendioak eta osasun zerbitzuak koordinatzeko erak. Gainera, belaunaldi arteko lotura bermatzea, eta hiri, etxebizitza eta garraiobideetan adinekoentzako erraztasunak jartzea ezinbestekotzat jotzen dute agirian gizartearen garapenerako.

Bigarren helburu nagusia zaharren egoitza eta etxebizitza arteko dikotomia deuseztatzea da. Horretarako, maila baxuko egoitza zerbitzuak garatu nahi dituzte, pertsonei eta haien bizilekuei bideratutakoak: hamar pertsonarentzako egokitutako egoitza moduluak, telelaguntza aurreratua, telemedikuntza eta entzute telefonoak, batzuk aipatzearren.

Hirugarren xedea, azkenik, zaharren inguruko estereotipo baztertzaileak erabat deuseztatzea da. «Gizartea sentsibilizatu eta kontzientziatu behar da; zahartzaroaren irudia errealitatera egokitu behar dugu, eta haiek egiten duten ekarpenari merezi duen garrantzia eman», azaldu du Zabaletak. Horregatik, zaharrek udalerriko zereginetan parte hartzeko proposamenaren alde agertu da; gazte ekintzaileek sortutako negozio berrietan «laguntzaile» moduan aritzeko aukera ez du baztertu kontseilariak.

Txema Odriozola Euskadiko Erretiratuen Federazioko presidenteak ere, ildo hori jarraituz, aurreiritzi okerrekin amaitzeko eskaera egin du.«Zaharrek esperientzia eta lana helarazten dizkiete gazteei, eta oso garrantzitsua da haiei hori egiteko ahalmena dutela erakustea». Gaur Adineko Pertsonen Nazioarteko eguna dela eta, adinekoen alde lan egiteko konpromisoa berretsi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.