Adinekoen egoitzetako foku iluna (eguneko laburpena)

Beste 391 positibo berri zenbatu dituzte eta beste 44 pertsona gehiago hil dira koronabirusaren gaitzarekin.

Test azkarrak osasun arloko eta egoitzetako langileeentzat, Nafarroan. JESUS DIGES / EFE
Pello Urzelai.
2020ko apirilaren 17a
19:03
Entzun

"Normaltasunera itzuli", "deseskalatzea", "deskonprensioa"... gero eta gehiago entzuten diren hitzak dira, baina eguneko datuek erakusten dute egoeraren amaiera ez dagoela nahi genukeen bezain hurbil. Hildako pertsonen zerrendak luzatzen jarraitzen du: gaur, beste 44 hildako gehiago zenbatu dituzte; beraz, guztira, 1.342 pertsona hil dira koronabirusaren gaitzarekin. Egunero ari dira positibo berriak atzematen: gaur beste 391 (bezperan baino 23 gutxiago). Ospitaleratuen kopurua etengabe gutxitu arren egunero sartzen ari dira gaixo berriak ospitalean: Nafarroan, adibidez, 21 gehiago (Osakidetzak ez du datu hori eskaintzen). Guztira, 1.500 lagun daude ospitaleratuta, bezperan baino 80 gutxiago (216 ZIUn, bezperan baino 12 gutxiago).

Egunak pasa ahala gero eta argiago gelditzen ari da COVID-19ak adinekoen egoitzetan izan duen hedapena izugarria izan dela. Koronabirus honek 541 egoiliar hil ditu Hego Euskal Herrian, gaitzak orain arte hildako guztien erdiak. Apirileko lehen hamabost egunetan hil dira gehienak: apirilean hildako erien %62 zahar etxeetan bizi ziren. Zenbait adituk uste dute berandu erreparatutako fokua izan dela adinekoen egoitzena. Birusari aurre egiteko neurri eta baliabide egokirik ez dela jarri uste dute. 

Eremu politikoan, Iñigo Urkullu eta Maria Txibite lehendakariek agerraldiak izan dituzte gaur, lehenak hedabideei begira eta bigarrenak Nafarroako Parlamentuaren aurrean. Espainiako Gobernuari proposatu behar dizkion "deskonpresiorako neurri ekonomikoak eta sozialak" azaldu ditu Iñigo Urkulluk. Nafarroako Gobernuko lehendakariak, berriz, PCR probak hirukoiztu egingo dituztela iragarri du. Halaber, Txibitek jakinarazi du 6.637 aldi baterako txosten aurkeztu direla eta 41.490 langileri eragin diela. EH Bilduko Mertxe Aizpurua diputatua Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuarekin batzartu da telematikoki. Aizpuruak azaldu dio lehetasuna langile eta sektore ahulenen eskubideak zaindu eta hobetzea dela eta EH Bilduk ez duela parte hartuko 1978ko erregimena indartzea helburu duen itun batean. 

DATUAK: Koronabirusaren azken datuak

MAPA: Koronabirusaren zabalpena herri herri eta osadun eremuka

ZUZENEKOA: Gertatu ahala kontatutakoa

 

Agian honek ere merezi du

Futbolista erizain. Oihana Aldai atezaina da, Realen eta Eibarren aritu ondoren, Pozoalbensen jokatzen ari zenean koronabirusaren krisia etorri zenean. Konfinamenduak Kordoban harrapatu zuen, baina leku guztietan erizainak eskatzen ari zirela ikusita, laguntzeko beharra sentitu zuen. Etxera itzuli eta Zumarragako ospitalean darama lanean hiru aste. Ainara Arratibel kazetariak egindako bideo elkarrizketan azaldu du Oihana Aldaik bere esperientzia

Saio gisa. Larrialdiari aurre egiteko eredu ekonomikoari eragiten dioten neurriak hartu beha izan dira. Yayo Herrero militante ekofeministaren ustez, egoera hau "saio gisa" har genezake, "beste normaltasun berri bat eraikitzeko, non helburua herritar guztiak babestea izango den, eta baita herritar guztien eskubide eta askatasunak ere". Gogoeta hari horretatik tiraka aritu da Yayo Herrero, Iñaki Petxarroman kazetariak eginiko elkarrizketan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.