«Adinekoentzako ghettorik, ez»

Biziaren Ekarpena programa aurkeztu dute, Gipuzkoan abiatzeko; kiroldegiak izango ditu gune nagusi gisara

arantxa iraola
2011ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
«Gaur egun dagoen sistema irauli egingo da, argi eta garbi, ezin da mantendu».Gerontologian aditua da Jokin Garrues, eta atzo Ordizian (Gipuzkoa) aurkeztutako Biziaren Ekarpena programako koordinatzailea. Biztanleen %18 dira egun 65 urtetik gorakoak; etorkizun hurbilean ehuneko horrek etenik gabe egingo du gora, eta, hain justu, gizartearen zahartzeak dakartzan arazoei aurre egitea du xede egitasmo horrek, bide batean sakonduz: «Prebentzioan». Programak ekainean lehen urratsak egingo ditu Ordizian eta Donostian, eta aurrerago Gipuzkoako beste hamalau udalerri batzea espero dute. Egun gizartearen sektore askoren topagune garrantzitsua direla eta, kiroldegiak erabiliko dituzte programa horretan adineko pertsonei azterketak egiteko. «Ez dugu nahi adinekoentzako ghettorik».

Belaunaldien arteko mugak gainditze aldera erabaki dute programa horretarako gune nagusi gisara kiroldegiak hartzea. «Garai batean plazak zirena orain kiroldegiak bihur daitezke... Denak batera egoteko han». «Gizakiaren argazkia» egiteko erabiliko dituzte programa horrekin kiroldegietan egingo dituzten azterketak. Argazki orokorra. Osasunez nola dauden aztertuko dute, eta inguruan nolako sare soziala duten. «Familia, lagunak...». Hartara, adinekoen balizko osasun arriskuak garaiz atzematea da gakoa, eta bakartze soziala saihestea.

Etorkizunera begira ari dira, zaharrak gero eta ugariagoak izango direla badakitelako, eta gero eta eskakizun maila handiagokoak, gainera. «Orain nagusi garen pertsonok ez dugu onartuko zahartzean zahar etxera joan eta han kartetan jolasten aritzea... Gizartean egon nahiko dugu», azaldu du Garruesek. Lan mundutik kanpo geratu ostean, gizartetik at geratu dira iragan urteotan belaunaldi ugari; demografiaren presioak, ordea, gizartearen beraren aldaketek aldaketa handiak ekarriko dituztela oroitarazi du, eta horiei aurrea hartu behar zaiela.

Aurkeztu duten programarekin «erreminta bat» eskaini nahi dute, bide horretan aurrera egiten laguntzeko. Poliki-poliki ezarri nahi dute, «inposizio bertikalak» saihestuz eta tokian tokiko administrazioen partaidetzarekin. Kiroldegietan egiten hasiko diren testak adineko pertsonak maiztasun jakin batekin egitea nahi dute, hartara arazoak garaiz atzeman eta hasieratik konponbidea jartzen saiatzeko. «Mamografiak egiten diren moduan, halako testak ere egitea... Horixe bilatzen dugu». Test horien emaitzen arabera, errazagoa izango da adinekoen bizi-baldintzak eta autonomia hobetzeko neurriak hartzea. Eta gizarte eta osasun zerbitzuetatik lana arinduko dute.

Elkarlanean

Deustuko Unibertsitateko hainbat adituk eman diote itxura programari, Europako beste hainbat aditurekin elkarlanean. Atzo Ordiziako udal agintariekin batera, Barrena jauregian aurkeztu zuten. Soziologo, psikologo, gizarte laguntzaile eta medikuek batera jardun behar dute. Ordizian, 250 lagun aztertzen hasiko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.