Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Euskadiko Adinekoen Batzordea aurkeztu du gaur, Bilbon. Lantaldearen egitekoa izango da adinekoentzako politikak lantzea. Artolazabalen arabera, batzordeak ahotsa emango die adinekoak ordezkatzen dituzten elkarteei, eta, oinarritik abiatuta, kolektiboari eragiten dien politikak diseinatuko ditu. Kogobernantza eredu bat dela adierazi du sailburuak.
Hainbat elkartek osatu dute Euskadiko Adinekoen Batzordea: Euskofederpen federazioko ordezkariek, Lares, Agijupens, Nagusiak, Las Cuatro Torres, Helduak Adi, Secot eta Nagusilan elkarteetako ordezkariek, eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzako kideek. Santi Larburu eta Inma Sanchez dira batzordeko presidenteak.
Azaldu dutenez, batzordea jaurlaritzaren eskumen esparruan adinekoentzako politikak orientatzeko, diseinatzeko, planifikatzeko eta ebaluatzeko sortu da. Eta horrez gainera, asmoa da «ekimen bateratuak eta lankidetza bidezkoak sustatzea».
Landu beharrezko hainbat auzi azpimarratu dituzte. Horien artean, adinekoen inguruko pertzepzio sozialari eta estigmari aurre egitea, adinekoen bizi baldintzak hobetzea eta gizartean haien parte hartzea bultzatzea. Beharrezkotzat jo dute menpekotasun egoeran daudenen arreta hobetzea ere, eta adinekoen autonomia eta bizitza kalitatea sustatzea. Bestalde, adierazi dute lagundu nahi dutela batez besteko bizi itxaropena 85 urtera luzatzeko helburua betetzen.
Artolazabalek azpimarratu du batzordeak bide ematen diola adinekoei eragingo dien ekintzak elkarlanean hausnartzeko eta lantzeko «gune bateratu» bati.