Ertzain bat jotzea leporatuta, adingabeko mutil bat atxilotu dute adingabeen Hernaniko harrera zentroan (Gipuzkoa). Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, 16 urteko gazteak hezitzaile bati ere eraso zion atzo gauerdian. Zentroko beste hiru gazte, berriz, inputatu egin dituzte, errespeturik gabe aritzeagatik.
Harrera etxeko langileek 00:00 aldean jakinarazi zioten Ertzaintzari egoitzan istiluak sortu zirela; gazte batzuek «jarrera bortitza» zutela esan zioten, paper batzuk erretzen ari zirela, eta bestelako kalteak eragiten zentroan. Gazteek, gainera, egoera lasaitzen ahalegindu zen hezitzailea iraindu eta jo zuten. Udaltzainak eta ertzainak zentrora joan zirenean, gaztetxoetako batek ertzain baten gainera salto egin zuen; harramazkak egin zizkion, eta kolpeak eman. Bitartean, beste gazteek ertzainak iraindu zituzten. 16 urteko gaztea atxilotu egin zuen Ertzaintzak, autoritatearen aurkako atentatua leporatuta. Ordu batzuk geroago aske utzi zuten, harrera zentroko hezitzaile baten babespean. Herrizaingo Sailaren arabera, egoitzako sofa bat sutan zegoen, leiho bat hautsita eta hainbat paper erreta.
Azken egunetan, adingabeen etxe batzuetan sortu diren arazoak direla eta, Gipuzkoako Batzar Nagusietako PPk eta PSEk agerraldi bat egiteko eskatu diote Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezi. Bi alderdiek azaldu dutenez, Zizurkilgo (Gipuzkoa) zentroak eragozpenak sortu dizkie bizilagunei: txikizioak, iskanbilak, zarata... Hernaniko gertaera ikusita, PPk zalantza du harrera zentroei eskaintzen zaizkien baliabideak «nahikoak eta egokiak» ote diren.
Zentroa itxiko dute Bidaxunen
Akamarreko Hezkuntzarako Zentro Indartua itxi egingo dute.Bidaxunen (Nafarroa Beherea) dago. Zigorra betetzen ari diren eta bazterkeria pairatzen duten gazteak hartzen ditu etxeak. Egoitza kudeatzen duen Philae elkarteak jakinarazi du administrazioa egiten ari den murrizketak direla etxea ixteko arrazoia.
Adingabe bat atxilotu dute, hezitzaileari eta ertzain bati eraso dielakoan
Hernaniko harrera zentroan atzeman dute gaztea; agintariaren aurkako atentatua egozten diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu