Ertzaintzak hainbat irregulartasun egin zituela uste dute Ordoñezen hilobiko txikizioen harira atxilotu zituzten gaztetxoen gurasoek, eta salatu egin ditu. Donostiako 2. Instrukzio Epaitegiak auzia ez dela bere eskumenekoa iritzi, eta Espainiako Auzitegi Nazionalera bidali du.
Zehazki, Auzitegi Nazionaleko Instrukzio Epaitegi Zentralera igorri ditu salaketak Donostiako epaitegiak, eta hark erabaki behar du orain bere gain hartzen dituen edo ez.
Joan den larunbat arratsaldean Donostiako Intxaurrondoko auzoko zortzi adingabe identifikatu eta polizia etxera eraman zituen Ertzaintzak, ETAk hil zuen Gregorio Ordoñez PPko zinegotziaren hilobian txikizioak egitea leporatuta. Ertzainek hainbat irregulartasun egin zituztela uste dute gaztetxoen gurasoek zein ofiziozko abokatuek, hala nola, ez zituztela legeak agintzen duen bezala agindabekoentzako egoitza batera eraman, eta gurasoei ez zietela segituan eman atxiloketaren berri.
Adingabe horien eta gurasoen arabera, ez dute inolako zerikusirik izan Ordoñezen hilobiko txikizioekin. Behin eta berriz adierazi dutenez, Polloeko hilerri aurrean zeuden larunbat arratsaldean, lagun batzuei itxoiten eta pipitak jaten, halako batean kaleko jantziak zeramatzaten hiru ertzain inguratu, identifikarazi eta Antiguako polizia etxera eraman zituztenean.
Auzitegi Nazionaleko Adingabekoen Fiskaltzak atzo jakinarazi zuen kasua ikertuko duela, "terrorismo" deliturik izan den ikusteko.
Ordoñezen hilobiko txikizioak
Adingabeen gurasoen salaketa Auzitegi Nazionalera igorri du Donostiako Instrukzio Epaitegiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu