Adiskidetzerako prestatzen

Pentsaera gehienetako berrehun lagun elkarbizitza eta adiskidetzeari buruz jardun dira Lokarrik antolatutako saio bateanRiosek dio herritarren parte hartzea ezinbestekoa dela prozesuak aurrera egiteko

Berrehun bat herritar bildu ziren BECen, elkarbizitzari buruz taldeka eztabaidatzeko. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Barakaldo
2011ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Konponbiderako prozesua «bide onetik» doala uste du Lokarrik; urrats garrantzitsuak egiten ari direla eta aurrera doala pixkanaka. Lantzen jarraitu behar dela seguru dago, eta ahalik eta jende gehiena bildu behar dela horretarako, bai politikariak, baina baita herritarrak ere. Lokarriren esanetan, berebiziko garrantzia du gizartearen parte hartze zuzenak. «Azken finean, bakearen eta elkarbizitzaren hartzaileak herritarrak dira bere osotasunean», dio Paul Rios koordinatzaile nagusiak.

Gizarte aktiboa nahi du, beraz; konponbiderako prozesuan «protagonista» izango dena. Eta horixe lantzea jarri du «garai historikoko» une zehatz honetarako helburutzat. Gizartea prestatzea; hausnartzen jarri eta partaide egitea. Horretarako saioa egin zuen atzo Barakaldoko BEC azokan, 200 bat herritarrekin. Adiskidetze eta elkarbizitzari buruz hausnartzen jarri zituen; sektore eta pentsaera askotako pertsonak, elkar ulertzeko lanean; ondokoaren esperientziak, usteak, sentipenak entzuten, bereak ematen, eta guztiak ondorio batera iristen saiatzen. Atzera, aurrera, albo batera eta bestera begiratzeko lanari ekin zioten BECen bildutakoek; iraganari nola eutsi behar zaion hausnartzen eta aurrera begira nola jokatu behar den pentsatzen, eta hori, alde guztietan dauden ikuspegi, sentimendu eta behar guztiak aintzat hartuta egiten.

200 pertsona horien artean baziren alderdi politikoetakoak, lehen lerroetako politikariak ez izan arren; baziren sindikatuetan zein bestelako gizarte eragileetan jarduten dutenak; baziren soziologoak eta EHUko irakasleak; eta baziren herritar xumeak ere. Lokarri sarean laguntzaile direnak batzuk eta bere kontura esperientzian parte hartzera joandakoak besteak. Oso multzo plurala biltzea lortu zuela eta, gustura zen Lokarri. Faltan izan zutenik ere bazen, halere: «Beti dugu arazoa Alderdi Popularraren inguruko jendea erakartzeko, baina hortik aparte, plurala da oso hemen dagoena», zioen Riosek.

'Open space' metodologia

Gune irekiaren metodologian oinarritutako bilkura bat izan zen atzokoa; nazioartean open space deritzotena. Guztiek maila berean parte hartzeko aukera ematen duen metodo bat da, gaiak taldeka eztabaidatzen direna, borobilean eserita. Kafea eta opilak ere eskura izan dituzte parte hartzaileek, solasaldi adiskidetsua errazteko.

Aitziber Blanco Lokarriko kide eta saioaren antolatzaileetakoa denak azaldu duenez, hasiera-hasieratik izan zen erabat parte hartzailea saioa, goizeko hamarretatik, bildu zirenetik. Eztabaidarako agenda adostea izan zuten lehen lana parte hartzaileek. Bakoitzak norberarentzat garrantzitsua den alor bat proposatu zuen, betiere hausnarketarako galdera nagusiari erantzuten saiatzeko: «Zer da adiskidetzea, eta zer egin dezakegu hori lortzeko?».

Elkarbizitzarako eta adiskidetzeko kontuan hartu beharreko alorrak proposatu, eta taldeka bildu ziren ondoren. Gai bera proposatu zutenak elkarrekin solastatzeko batu ziren. «Guztiaz» hitz egin zutela kontatu zuen Blancok, gainontzeko parte hartzaileak atzean solasean zituela. «Oso zabala da gaia. Agerian geratu da adiskidetze sozialari buruz hitz egitean azkenean guztiaz hitz egin behar dela». Asko izan ziren, beraz, eztabaidagaiak; «denoi dagozkigun gaiak», Blancoren hitzetan: «Bai presoak, sufrimendua eta atzera nola begiratu; baina baita gatazkaren jatorria ere, errespetua, giza eskubideak, egoerari buruz bakoitzak duen ikuspegia, aurrera begira zer egin daitekeen...». Eta guztiaren norabidea zehazten duen horretan indar egin zuten, praktikara eramanda: elkarrizketan; «elkarrizketaren garrantzian».

Goiz osoan taldeka hitz egindakoa aktan jaso zuten antolatzaileek, eta ideia nagusiak bilduta saiatuko dira eguneko gai nagusiari erantzuten. Ondorio horiek batu, eta gizarteratu egin nahi ditu ondoren Lokarrik; proposamen zehatza plazaratuko du, herritarrek ideia batzuk barneratu ditzaten. «Asmoa ideia batzuk ematea da; ondorio horien arabera bake prozesuak nondik nora joan behar lukeen eta elkarbizitzara nola irits gaitezkeen plazaratzea», azaldu zuen Blancok.

Herritarrek prozesuan parte hartzea da horren guztiaren helburua, Riosen hitzetan «2006ko prozesuan gertatu zena errepika ez dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.