Eusko Legebiltzarreko talde parlamentarioek aukeratutako bost adituek euren eskuetan dituzte jada Autogobernu Lantaldeak Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako adostutako estatus politikoaren oinarriak. Orain, bost lagun horien eginkizuna izango da, "oinarriekin bat eginda", adostasun puntuak topatzea boto partikularrekin, akordioa zabaltze aldera, eta guztiarekin estatutu proiektua izango denaren testu artikulatua idaztea.
Mikel Legardak, Iñigo Urrutiak, Arantxa Elizondok, Alberto Lopez Basagurenek eta Jaime Ignacio del Burgok osatuko dute batzordea, eta Bajartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariaren eskutik jaso dute enkargua. Hark gogorarazi die adostutako oinarriekin bat etorri beharko duela testu artikulatuak. Zortzi hilabete izango dituzte zeregin horretarako, eta eztabaiden konfidentzialtasuna gorde beharko dute tarte horretan zehar. Harrera ekitaldiaren ostean, lehen bilera egin dute bostek, jarraitu beharreko metodologia adosteko.
Legardak ez beste guztiek egin dituzte adierazpenak. Oro har, aitortu dute lan nekeza izango dutela aurretik. Urrutiak azaldu du "zaltasuna" izango duela lanak: "Denok jabetzen gara daukagun arduraz, eta mandatuarekiko leial jokatuko dugu". Lopez Basagurenek azaldu du "borondate onenarekin" egingo duela lan, nahiz eta "helburua oso zaila" iruditzen zaion. Elizondok ere esan du jabetzen dela zailtasunez: "Euskadin bizi gara eta denok ezagutzen ditugu zailtasunak eta ikuspuntu politiko ezberdinak, baina uste dut adostasun batzuk lortzeko ahalegina egin behar dugula".
"Erantzukizun handiz" hartu du enkargua Del Burgok ere, momentua "oso garrantzitsua" delakoan, "baita oinarrietan aipatzen diren beste lurralde batzuentzat ere". Aitortu du ez datorrela bat oinarriekin: "Ikuspuntuak erabat ezberdinak badira, adostasunerako espiritu handia izanagatik, azkenean zaila da emaitzak lortzea". Alde horretatik, ohartarazi du "elkar ulertzeko tarte eskasa" dagoela helburua baldin bada "ia-independentzia egoera bat" lortzea. "Baina, tira, batzuetan mirariak gertatzen dira, baita politkan ere".
Adituek ekainerako amaitu beharko dute testu artikulatua, eta, ondoren, agiria lege proposamen gisa erregistratuko dute Eusko Legebiltzarrean, gutxienez talde batek bere egiten badu. Eztabaida parlamentarioa beste zortzi hilabetez luzatu liteke ondoren, behin betiko bozketa egin baino lehen. Legebiltzarrak onartuz gero, Espainiako Kongresuaren oniritzia jaso beharko luke testuak, eta argitzeko dago bi parlamentuen onespenaren artean galdeketa "gaitzaile" bat egingo den.