Administrazio egitura doitzea aztertuko du Jaurlaritzak

Dituen baliabideekin, eta gaur egungo antolaketari eutsita, administrazioaren zerbitzuak egonkortzea izango da helburuaZerbitzu publikoak ez direla gutxituko nabarmendu du Idoia Mendia sailburuak

Langile publikoak, iazko ekainean egindako greban, protesta batean parte hartzen. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao.
2011ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritza administrazio publikoaren egitura eta antolaketa aztertzen hasiko da, gaur egungo «egoera erreala zein den ezagutu eta behar diren doiketak egiteko». Hala iragarri zuen atzo Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Administrazio Publikoko sailburuak, HAEE Herri Arduralaritzako Euskal Erakundeak antolatutako jardunaldi batzuetan. Krisiak enplegu publikoan dituen ondorioak aztertzea zuten helburu, eta gobernuaren asmoa iragartzeko baliatu zuen Mendiak bera buru izan zuen irekiera ekitaldia.

Argi utzi du, hala ere, doiketa horrek ez duela «inondik ere zerbitzu publikoak gutxitzerik ekarriko, kontrakoa baizik». Susmo ilunak saihestu nahi izan ditu: «Egun baliabide gutxi ditugu, eta horiekin eta orain arteko antolaketarekin zerbitzu publikoak egonkortu nahi ditugu». Baliabide gehiagoren beharrik gabe, bada, «kalitatezko» zerbitzu publikoa eskaini nahi du Eusko Jaurlaritzak, Mendiaren arabera.

Azterketa zehatza izango dela iragarri du. Administrazioaren egitura eta antolaketa ez ezik, postu bakoitzaren lan karga ere aztertuko du. Batez ere, lanpostuen inguruko ikerketa izango da. «Baliabideak eskasak dira, eta haien arrazionalizazioa lortzea da helburu nagusia», azaldu du. Horiek hala, «langile publikoen lan karga beste modu batera banatzea» ere posible ikusten du sailburuak, beti ere «orain arteko egitura eta antolaketa igualtsu mantenduz».

Sailburuaren esanetan, administrazio eredua «berriz pentsatu» nahi dute urrats hauen bitartez. Eztabaida horren ondorioz, «eraldatu» egin nahi dute; «herritarrengandik gertuagokoa izateko eta eraginkortasuna berritzeko». Hala eta guztiz ere, «beharrezkoa dena» baino ez dutela ukituko argitu nahi izan du. «Administrazio publikoaren egitekoa eta etorkizuna jokoan dago krisiaren eta beste hainbat erasoren ondorioz», ohartarazi du.

Ereduaren etorkizuna

Sailburuak, bada, ezinbestekotzat jo du ikerketa lan hau egitea. Izan ere, ez zaio onargarria iruditzen horrelako kontu eta erabakiak «merkatuaren, globalizazioaren edo denon artean eraikitakoa eraistearen alde beharrean dihardutenen eskuetan uztea». Datozen urteetan eztabaida garrantzitsua egingo dela iruditzen zaio. «Azken hamarkadetan Europan garatu den ongizate estatu ereduarekin jarraituko dugun edo karel gainetik botako dugun argituko da».

Batzuek gaur egungo ongizate estatu ereduaren etorkizuna «ilun margotzen» dutela salatu du. Adierazpen horien atzean, gainera, ereduarekin bukatzeko interesak ezkutatzen direla iruditzen zaio. Mendia, ordea, baikor agertu da, ereduari bere horretan eusteko modua badagoela sinetsita dagoelako. Mendiaren irudiko, berrikuntza da gakoa. «Nik zuzentzen dudan saila administrazioa eskaera berrietara nola egokitu behar den ikertzen ari da», azaldu du. Azken batean, herritarrei «zein zerbitzu publiko eskaini behar zaien» jakin behar dela iruditzen zaio, eta zerbitzu hori «nola eskaini behar den» ere erabaki behar dela prozesu berean.

Legebiltzarraren eskariz

Idoi Mendiak iragarritako asmoak Eusko Legebiltzarrak ezarritako eginbehar bati erantzun dio. Joan den ostegunean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazioaren egiturari lotutako legez besteko proposamenaonartu zuten. PSE-EE, PP eta UPD izan ziren aurkeztu zutenak. EAJk babestu egin zuen eskaera. Aralar, EA eta Ezker Batua abstenitu egin ziren. Hemezortzi hilabeteko epea jarri zitzaion gobernuari bere administrazio publikoaren egitura eta funtzionamendua arautuko dituen lege proposamenaaurkezteko. Legearen xedeak administrazioa arrazionalizatzea izan behar duela ere ohartarazi zioten legez besteko proposamen horretan.

Birmoldaketa horretan, bada,Eusko Jaurlaritzak EAEko administrazio orokorraren egitura eraldatu beharko du. Bereerakunde autonomoetan, sozietate publikoetan eta enpresetan ere moldaketak egin beharko ditu.

Aldaketak, gainera, bestelako erakundeetan ere eragina izatea nahi du legebiltzarrak. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio foru aldundiekin eta udalekin duen elkarlana indartzeko eta errentagarri bihurtzeko. Alegia, legebiltzarrak ez du nahi erakunde batek baino gehiagok zerbitzu publiko berbera eskaintzea herritarrei, horrek gehiegizko gastua ekarriko lukeela uste duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.