PSNk PSOEk esandakoa egingo du. Lurralde batzordean egin duten bozkaketan, aginduaren alde agertu dira 80 lagun, zazpi kontra, eta 45 lagun abstenitu dira. Guztira, 160 izan dira batzarrean, baina ez dute guztiek bozkatu: batzuek (28 lagunek) lehenago egin dute alde. Izan ere, bilera luze joan da: lau orduz egon da bilduta batzordea. Batzarra bukatu aurretik, baina, ohar bat halarazi diete sozialistek kazetariei: Nafarroaren "aldaketa politikoa" helburu ei dute PSN-PSOEk, eta ildo horretan lanean jarraituko dutela baieztatu dute. Horrez gain, PSNk Ferrazi dei egin dio, atzo hartutako erabakia "berriz aztertzeko", hala, maiatzaren 25erako hauteskundeak dei ditzaten.
Nafarroako sozialistak ez daude ados Ferrazetik PSOEk agindutakoarekin. Zentsura moziorik ez aurkezteko, eta oposizioko beste alderdiren batek aurkeztuko balu, ez babesteko agindu zuten atzo Espainiako sozialistek. Eta ados egon ez arren, erabakia onartzea deliberatu dute, euren egitura federalista dela argudiatuta. Zuzendaritzak igorritako ohar batean adierazi ditu horiek, eta Yolanda Barcinaren dimisioa ere eskatu dute PSN-PSOEk. Barcina, edozein interlokuzio politikorako "trebetasun urriko" gisa definitu dute.
Jimenezen dimisio eske
Amanda Acedo PSNko parlamentari ohi eta beste batzuek sektore kritikoa osatu, eta bi eskaera egin dituzte: bata, Roberto Jimenezen dimisioa, eta bestea, kudeaketa batzorde bat sortzea.
Ikerketa Batzordea osatu zenean Jimenezek egindako adierazpenak gaitzestu ditu sektore kritikoak. "Barcinak dimititzen ez badu, guk botako dugu", esan zuen Jimenezek, eta kritikoen ustez, termino horiek "ez dira onargarriak".
Aurreko orduetan, ziurtasun eza nagusi
Zentsura mozioaz eta PSOEren atzoko erabakiaz hitz egiteko deitu dute Nafarroako sozialistek lurralde batzordea. PSNko zuzendaritzako 200 kide zeuden lurralde batzordera deituta. Bilera horretan daude PSNko zuzendaritzako kideak, herrietako ordezkaritzetako idazkariak, Nafarroako Parlamentuko parlamentariak eta PSNren batzar nagusiak eta herrietako ordezkaritzek hautatutako alderdiko kargudunak, besteak beste. Lurralde Batzordea biltzar nagusien artean PSNk duen organo nagusia da.