Eusko Legebiltzarrak ontzat jo ditu Osakidetzako Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planak zehaztutako epeak, EAJren eta PSE-EEren bozekin, eta uko egin dio historia klinikoa euskaratzeko pauso berriak egiteari. Bi alderdi horiek jakin nahi dute azken sei hilabeteetan ildo horretan Osasun Sailak zer lan egin duen, eta uda baino lehen horren berri eman dezala galdegin diote Eusko Jaurlaritzari.
EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberak gogorarazi du Osakidetzak ez dituela bermatzen euskaldunen hizkuntza eskubideak. Eskubide horiek bermatzeko “ausardiaz eta aitzakiarik jarri gabe” jokatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. “Konpromiso argi bat eskatzen dugu, eta horrek ez du zerikusirik euskara planak ezarritako epeekin”.
Hizkuntz eskubideak bermatzen hasteko, Osabide euskaratzeko araudia zehazteaz gain, euskaraz aktibatuak dauden euskarri informatikoen erabilpena zabaltzeko eta egokitzeko eskatu du. Halaber, Osabide euskaraz izatearen garrantziari buruzko sentsibilizazio kanpaina abian jartzea galdegin dio Osasun Sailari.
EAJko Josune Gorospek nabarmendu du Osakidetzako Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planak konpromiso “argia eta sendoa” duela historia klinikoa elebiduna izateko bidean. Horretarako epeak ere zehazten dituela gaineratu du Gorospek.
Hori dela eta, planak zehaztutako epeak errespetatzearen alde agertu da. “Konpromiso hori hartu du Osakidetzak; ez dago zer berretsi, ez dago zer indartu”.
Blanca Roncal PSE-EEko legebiltzarkideak bat egin du EAJren proposamenarekin. Ildo horretan, historia klinikoa euskaratzeari buruzko txostena uda aurretik aurkeztearen alde egin du.
PPk beste eztabaida bat abiarazi nahi izan du. Laura Garridok euskararen erabileraren alde egin badu ere, zehaztu du erabilera horrek ez duela “diskriminaziorik” eragin behar. Halaber, gaineratu du ez datorrela bat Osakidetzako euskara planak ezarritako epeekin, “azkarregiak” izateagatik.
Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkidea ez da batzordean egon.
Euskara
Adostasun gutxi Osakidetzako historia klinikoa euskaratzeko
EH Bilduk Osabide euskaratzeko araudia lantzeko eskatu du Eusko Legebiltzarrean; EAJk eta PSE-EEk euskara planak zehaztutako epeari heldu diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu