Gazte mugimendua

“Adostasunak hautsita”, aliantza eten dute Ernaik eta Ikasle Abertzaleek

Ezker abertzalearen gazte antolakundeak adierazi du “ahots propioarekin” mintzatuko dela hezkuntzaren alorrean.

Gaur arratsaldeko prentsaurrekoa Donostian. @OLANO_URKIA
jon olano
2018ko urriaren 5a
09:09
Entzun

Ernai ezker abertzaleko gazte antolakundeko hainbat kidek agerraldi bat egin dute Donostian, hilabeteotan hezkuntzaren inguruan gogoetatutakoaren ondorioak plazaratzeko. Hausnarketa horren ondorioetako bat da “agortutzat” ematen dutela Ikasle Abertzaleekin eginiko “aliantza estrategikoa”, iritzita “berau mantentzeko baldintzak sustengatzen zituzten adostasunak hautsi zirela”.

Gogorarazi dutenez, 2013an Ernai sortu zutenean, hezkuntzaren inguruko “erabaki estrategikoak" €ˆhartu zituzten Ikasle Abertzaleekin batera: “25 urtez ikasle eremuan antolatzen zen mugimenduari zilegitasun eta konfiantza guztia eskainita, historikoki sustraitutako aliantzari heldu eta ikasle estrategiaren lanketa gazte estrategiaren baitan kokatzeko erabakia hartu genuen”.

Bost urte igaro dira, eta Ernaik uste du gaur egun “zeharo aldenduta” daudela bi erakundeek hezkuntzaz eta esparru horretan egin beharreko lanaz duten “ikuskera eta praktika politikoa”.

Horren aurrean, Ernaik erabaki du aurrerantzean “hezkuntza problematikaz eta ikasle borrokaz ahots propioz” hitz egitea, “hezkuntza eremuan jarduteari” ekitea eta Euskal Herriko “hezkuntza sistema propioa eta burujabearen eraikuntzan antolatu, dinamikak planteatu eta hausnartzeko konpromisoa” hartzea: “Arduragabekeria hutsa litzateke ikasle borroka ezker independentismoaren erronketatik kanpo ulertzea”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.