Asteburuan test gutxiago egiten direnez, astearteko zenbaketan positiboen kopurua igo ohi da. Gaurko datuen arabera, beste 284 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian (bezperan baino 224 gehiago). Gehienak test azkarren bidezkoak dira. PCR test bidezko positiboak soilik 25 izan dira (+1). Bederatzi EAEn, eta 16 Nafarroan. Agerikoa da Nafarroako bilakaera EAEkoa baino okerragoa izaten ari dela, intzidentzia tasak salatzen duenez (azken 14 egunetan metatutako PCR positiboak 100.000 biztanleko). Gaurko datuekin, Nafarroak 50,57 positiboko tasa du, eta EAEk 29,6. Nafarroak estatuaren bataz besteko tasatik (30,01) urruti segitzen du, eta Madrilen tasatik (50,81) gertu. Azken zazpi egunak, aurrekoekin alderatuz gero, argi ikusten da PCR positiboen kopurua nabarmen jaitsi dela EAEn (%47,3), eta gutxiago Nafarroan (%18,1). Ospitaleratu berrien kopuruak alderatzen baditugu, jaitsiera txikiagoak ikusiko ditugu aste batetik bestera. EAEn, %24ean jaitsi da ospitalean ingresatu berri dutenen kopurua, eta Nafarroan %6,3ean bakarrik. Hau da, Nafarroan azken zazpi egunetan 44 pertsona sartu berri dira ospitaletan eta aurreko zazpi egunetan 47.
Azken orduetan beste bederatzi pertsona hil dira (bezperan baino bi gehiago), koronabirusaren gaitzarekin gaixotuta. Guztira, 1.932 heriotza dira. Ospitaleratuen kopurua ez da gutxitu, handitu baizik. Atzo baino zazpi pertsona gehiago daude ospitaleratuta (guztira 568). ZIUn, berriz, hiru gutxiago (guztira 96).
Lehen fasean baimendutako jarduerei buruzko irizpide eta zehaztasunen inguruko eztabaidaren ondoren, hezkuntza arloko erabakien inguruko desadostasunak agertu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hezkuntza Sailak iragarri ondoren maiatzaren 18an hasiko zela itzulera, orain dio ikastetxeek autonomia izango dutela itzuleraz erabakitzeko. Irizpide aldaketa hau ez da hezkuntza arloko sindikatuen gustukoa izan. Itzulera ikastetxeen ardurapean uztea arduragabekeriatzat jo dute sindikatuek eta mobilizazioak antolatu ditu biharko.
Hauteskunde deialdiaren inguruan ere desadostasuna nagusi da. Ostegunean eztabaidatuko da gaia alderdien mahaian, eta Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du orain dela momentua erabakia hartzeko.
Agian honek ere merezi du
Bastida. Martxoaren 9an, kutsatze arrisku handiko eremu izendatu zuten Bastida Arabako Errioxako herria. Eskolak ixten aurrenekoa izan zen. Bi hilabeteren buruan, egoerari buelta eman diote Bastidako herritarrek eta ohiko eguneroko erritmora itzultzea dute helburu. Aitor Biain kazetariak jaso ditu haien bizipenak.
Baztan. INEren 2019ko datuen arabera, 7.777 biztanle ditu Baztan udalerriak. Hamabost herriz osatua da, eta herri guztiak 5.000 biztanletik beherakoak dira. Udalerri gisa edo herrika sailkatua izateko orduan administrazioaren zalantzak pairatu ditu. Irizpidea lau aldiz aldatu du. Azkenean, herrien eremua gailendu da. Maddi Ane Txoperenak bildu ditu baztandarren bizipenak.