Ingurumena. Jaizkibelgo itsaslabarren babesa

Adostasunik ez herritarren eta erakundeen artean

Hiru jardunalditan zehar, Pasaiako kanpoko kaiaren proiektuaz eztabaidatu dute Hondarribian. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Merkataritza Ganbarak proiektuaren alde egin dute; herritarrek, ordea, onura baino kalte gehiago ikusten diote.

jon olano
Hondarribia
2011ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundia eta Gipuzkoako Merkataritza Ganbara, alde batera; eta Hondarribiko herritarrak, bestera. Hori irudikatu zuten herenegun Hondarribian (Gipuzkoa), udalak Pasaiako kanpoko kaiari buruz antolatutako eztabaidan. Cesar Salvador aldundiko teknikariaren eta Koro Otegi Merkataritza Ganbarako kidearen arabera, proiektua «luzerako» doa. Oraindik asko dagoela erabakitzeke nabarmendu zuten. Bestetik, Javier Belza ekonomialariaren eta herritar ugariren iritziz, proiektua «kaltegarria» da ekonomikoki, sozialki eta ekologikoki.

Azken asteetan egindako jardunaldietan, Pasaiako kanpoko kaiaren inguruan eztabaidatu dute Hondarribian. Udalak antolatuta, proiektuaren kontrako argudioak entzun zituzten herritarrek otsailaren 10ean; aldekoak, haatik, hilaren 17an. Atzo izan zen azken jardunaldia; bi ikuspuntuak kontrajarri, eta eztabaida herritarren iritziekin osatu zuten.

Pasaiako badiaren birgaitzea eta kanpoko kaiaren proiektuaren arteko loturak kezka eragin du herritar ugariren artean. Salvadorrek azaldu duenez, barneko kaia birgaitzeko plana abian da, hura kanpora ateratzeko beharrik gabe. Kaia administrazioek finantzatuko dutela argitu du: «Enpresek ez dute pizgarririk kanpoko kaia finantzatzeko; beraz, administrazioek hartu beharko dute ardura hori».

Proiektua hasierako fasean besterik ez dagoela ohartarazi zuen Otegik. Zenbait egoerak proiektua atzeratuko dutela adierazi zuen, eta denborak aurrera egin ahala, oraindik erabaki asko hartu beharko direla gaineratu zuen. «Zuhurtziagatik», kanpoko kaia noizko amaituko den jakitea ezinezkoa dela aitortu zuen Otegik; edozein proiektutan jakin beharrekoa haren helburua eta epeak direla erantzun diote herritar ugarik.

Belzaren iritziz, kaia Jaizkibelgo magalera ateratzearen atzean, «arrazoi eta interes ezkutuak» daude. Interes horiei erantzunez, ordezkari politikoek ematen dituzte azalpenak. Emilio Alfaro Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren prentsa arduradunak duela hiru urte ehun kilometroko tartean bi portu izatea ez zela beharrezkoa esan zuela gogorarazi zuen Belzak.

Herritarrak, kezkatuak

Ordezkari politiko eta ekonomikoen aurretik, herritarrek hartu zuten hitza. Jose Manuel Cortizo Pasaiako portuko langilea da, eta lan arriskuek kezkatzen dute. Gaur egun, portuan baldintza «tamalgarrietan» lan egiten dutela uste du. Enpresei eta portu agintaritzari egozten die lan baldintza horien errua; guztiek «utzikeriaz» jardun dutela iritzi zion Cortizok. Orain arte enpresek ez badiete lan baldintzei eta kutsadurari erreparatu, Cortizok ziurtatu zuen kanpoko kaia egin arte ez dutela esparru horietan inbertsiorik egingo. «Lotsagarria da enpresei baldintza horietan lan egiten uztea, eta orain, kaia kanpora ateratzearen aldeko argudioa osasuna izatea».

Marian Lizancosek herritarrek proiektuan izan duten parte-hartzea izan zuen hizpide. Proiektuaz eztabaidatzeko prozesu parte-hartzaile bat egon dela gogoratu zuen lehenik, baina prozesu hori ez dela loteslea izan salatu zuen, eta konpontzeko erronka egin zien portuko arduradunei: proiektuak eragina duen herrietan edo Gipuzkoa osoan galdeketa bat egitea. Bestalde, inguruko hainbat herritako kaietan azpiegitura gehiago egin dituzten arren salagai gehien jasotzen dituenaForondako aireportuak (Araba) izaten jarraitzen duela gogorarazi zuen Lizancosek: «Kaia handitzeak, gainera, ez dakar, halabeharrez, kai hobea izatea».

Eztabaidan parte hartu zuen beste herritar batek El Pais egunkarian Jose Ramon de la Fuente Bilboko kaiko presidenteari 2009an eginiko elkarrizketa bat ekarri zuen gogora. Elkarrizketa hartan, ezbaian jartzen zuen Pasaiako kanpoko kaiaren bideragarritasuna. «Lekualdatze urbanistiko gisa, ongi deritzot. Baina kaiaren ikuspuntutik, hura handitzeak ez du zentzurik», zioen De la Fuentek.

Mikel Mariscalen aburuz, proiektu bakarra eztabaidatu da, nahiz eta kairako aukera gehiago badagoen: «Zergatik ezin da kaia, orain dagoen bezala, berreskuratu? Zergatik ez da aztertzen horrela geratu behar den, edo kendu egin behar den?».

Jon Elizalde Hamaikabateko kideak zuzendu zuen herenegungo eztabaida, eta gogoeta egiteko gonbita egin zien herritarrei eta erakundeei: «Faltan sumatzen dut azpiegituren beharraz eta bideragarritasunaz hausnarketa sakon bat eta herritarren arteko elkarlana».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.