Ordu eta laurdeneko bilera egin dute Jos Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak eta Mariano Raxoik eguerdian, Moncloan, Zapaterok "premiaz" deituta. Barajasko atentatuaren osteko egoera aztertu eta ETAren kontrako estrategia hurbiltzea zen gobernburuaren xedea haren hurbileko iturriek agertu dutenez.
Bileraren ostean azaldu dutenez, ordea, adostasunik gabe amaitu da batzarra. Areago, ETAren aurkako estrategia argirik ez izatea egotzi dio Raxoik Zapaterori. PPko buruak esan du Zapateroren azalpenak entzun arren Barajasko atentatuaren zergatien eta etorkizunean Gobernuak ETAren aurka zer egiteko asmoa duen argitu gabe atera dela bileratik. Bere proposamena Terrorismoaren Kontrako Hitzarmenera itzultzea dela berretsi du.
Gobernuaren izenean, berriz, Zapaterok barik Maria Teresa Fernandez de la Vega presidenteordeak hitzegin du. De la Vegaren arabera, ETAren kontra alderden batasuna lortu behar dela esan dio Zapaterok Raxoiri, eta "batasun" horrekin bat egiteko eskatu dio. Hori lortze aldera, "etengabeko harremana" eskaini dio.
Eguerdian Raxoirekin batzartu aurretik, PSOEko Zuzendaritza Exekutibo Federalaren bileran izan da Zapatero, Espainiako gobernuburu ez ezik sozialisten idazkari nagusi den heinean. Bilera horren ostean ETAren kontra Gobernuarekin bat egiteko eskatu dio Jose Blanco PSOEko antolakuntza idazkariak PPri. Era berean, estrategia hori adosteko indar politikoekin "solas sakona" abiatuko dutela iragarri du.
Konponbide prozesua/Atentatua Madrilen
Adostasunik gabe amaitu da Zapateroren eta Raxoiren arteko bilera
Espainiako Gobernuak "etengabeko harremana" eskaini dio PPri ETAren kontrako estrategia bateratzeko. Estrategia garbirik ez izatea egotzi dio Raxoik Zapaterori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu