Ostegunean gertatu zen istripua. Ramirezen aita eta aiton-amonak 03:30 aldera irten ziren Aranjuezera bidean, 09:30ean bisita egiteko. Itzuleran, 17:30 inguruan, auto istripu bat izan zuten Burgos parean. Ibilgailuak autobidearen hesia jo zuen. Ez zen inor zauritu, baina autoan kalteak eragin zituen.
Espetxeratuek, inputatuek, horien senide eta lagunek eta Altasuko herritarrek bizi duten "injustizia eta krudeltasuna" salatu du Altsasuko Gurasoak taldeak: "Ez diogu utziko jasaten ari garen eskubide urraketa guztiak salatzeari, eta ez diogu utziko elkartasuna adierazteari".
Hain zuzen, ostegunean bertan eman zuten Altsasuko auziko espetxeratuen egoeraren berri Europako Parlamentuan. Euskal Herriko gehiengo sozial eta politikoaren babesa dutela azaldu dute senideek Bruselan, eta hori zabaltzeko asmoz joan direla hara. Besteak beste, auziaren aurka azaldu dira Nafarroako Gobernua eta Parlamentua, 80tik gora udal, Espainiako Gorteetako 74 diputatu eta 14 senatari, eta arlo juridiko, akademiko eta beste hainbat eremutako «ehundik gora» eragile.
Atzo,Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuen bere egiten duela kasua salatzeko parlamentuak ekainaren 19an onartutako adierazpena eta Maria Jose Beaumont Barne eta Justizia kontseilariari eginiko deia: eskatu diote «beharrezkoa diren gestioak» egiteko Espainiako Barne Ministerioaren Espetxe Zuzendaritzan, preso jarraitzen duten hiru gazteei ezarritako «salbuespen neurriak» kentzeko.