Hezkuntza

AEBetako unibertsitate baten campusa zabaldu nahi dute Gasteizen

Enpresari batzuk daude proiektuaren atzean. Aurreratu dute negoziatzen ari direla unibertsitate batzuekin, baina ez dute eperik zehaztu nahi izan. KREA eraikina alokatu dute dagoeneko.

Crespo eta Ormazabal, aurkezpenean. ARP
Garikoitz Goikoetxea.
2014ko apirilaren 11
10:44
Entzun

Igor Crespo saskibaloi jokalarien ordezkariak eta Patxi Ormazabal Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu ohiak eman dute proiektuaren berri, Gasteizen bertan, Vital fundazioari jadanik alokatu dioten eraikinean. Han jarri asmo dute campusa, baina ez dute baztertu eraikin gehiago ere hartzea.

Jakinarazi dute isilean jarraitu nahi zutela proiektua gehiago mamitu arte, baina hedabide batzuetan izandako filtrazioen harira erabaki dutela egitasmoaren berri ematea. Nolanahi ere, ohartarazi dute hasierako fasean dagoela proiektua, ezer ez dagoela sinatuta. “Ez dugu itxaropen faltsurik sortu nahi. Proiektua gauzatzeko denbora beharko dugu”, azaldu du Arratibelek. “Baina posible, egingarri eta ilusionagarri da”.

Hezkuntza proiektua, baina alde ekonomiko garrantzitsua duena litzateke. Hain zuzen ere, azaldu dute AEBetako enpresa batzuekin ari direla pausoak ematen; bereziki aipatu dituzte Macro Sea eta DBI, AEBetako unibertsitateak nazioartean zabaltzen aritzen diren enpresak. Beste batzuk ere badira tartean, hala ere; adibidez, Pricewaterhouse ikuskaritza etxea. Haien babesarekin hasi dituzte harremanak AEBetako unibertsitate batzuekin.

Eraikin gehiagoren bila
Xehetasunik apenas dago hortik aurrera. Negoziatzen ari direla bai unibertsitate batzuekin ―“harrera ona izan dugu”, esan du Ormazabalek―, eraikin gehiago alokatzeko negoziatzen ari direla ere bai ―Kutxabankekin, esaterako―, baina galdera nagusia, zein unibertsitate izango den, hori ez dute argitu. “Guk ere ez dakigu”.

Proiektua onuragarri izango dela nabarmendu dute behin eta berriro, Gasteizera jardun ekonomiko, sozial eta kulturala ekarriko duela. Areago, ohartarazi dute Arabako hiriburuan badirela batere erabiltzen ez diren eraikinak ―“mantentzen gastua sortzen dutenak”―, eta horiek erabilgarri egingo lituzkeela AEBetako unibertsitatea etortzeak.

Oraingoz Betoñu auzoko KREA eraikina dute alokatua. Kalkuluak egin dituzte, eta 500 ikasle baino gehiago hartzeko gaitasuna izango luke. Alboan ari dira orain beste eraikinen baten bila, ikasleek inguruan ostatua izan dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.