AEBetan esan dute txertoaren hirugarren dosia ez dela oraingoz beharrezkoa

Pfizer botika etxeak ziztada bat gehiago baimentzeko eskatu badu ere, baiezkoa emateko asmorik ez du administrazioak

2021eko uztailaren 13a
10:25
Entzun

AEBetako osasun agintariekin bilera izan zuen atzo Pfizer botika etxeak, eta COVID-19aren aurkako babesa indartze aldera, txertoaren hirugarren dosi bat jartzea baimentzea nahi duela adierazi zion. Lehengo astean eman zuen konpainiak, BioNTech etxearekin batera, hirugarren dosia baimentzeko eskatzeko asmoaren berri, adieraziz dosi horrek ekar ditzakeen onuraren gainean «esperantzarako» motibo diren datuak aurkitu dituztela. AEBetako administrazioak aditzera eman duenez, ordea, ez dute motiborik ikusten oraingoz hirugarren dosi hori baimentzeko. AEBetako hedabideek eman dute bilera horren berri.

Lehengo astean ere horixe bera adierazi zuten botiken eta elikagaien gaineko ardura duen FDA erakundeak eta gaitzen prebentzioaren gaineko ardura duen CDCk. Botika konpainiek, hala ere, ikerketak egiten jarraitzen dute, adierazteko hirugarren ziztada batekin sendotu egingo dela erantzun immunitarioa, eta txertatuak babesteko ez ezik, izurriaren kontrolerako onuragarria izango dela hori. FDAren eta CDCren arabera, ordea, ikerketa gehiago falta dira oraindik benetan hirugarren dosi bat jartzeak merezi duen ebazteko. «Guztiz txertatuak izan diren AEBetako herritarrek ez dute sendotze dosi bat behar, oraingoz», ondorioztatu zuten lehengo astean atera zuten ohar bateratuan.

Zenbait tokitan hasi dira, hala ere, hirugarren dosiarekin: atzo Israel hasi zen bihotzeko transplantatuei eta immunitate sisteman arazoak dituzten pazienteei jartzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.