Korrika

AEK-ko irakasleek eta irakasle ohiek eramango dute lekukoa lehen kilometroan

Antolatutako autobusetan joateko eskatu dute, 09:00etatik aitzin Urepelerako bidea itxita egongo delako. Alduden aparkaleku bereziak izango dira autoentzat. Urepelera iristeko, autobus zerbitzu berezia egongo da Urepeletik eta Bankatik. Euskarazko hedabideekin batera, BERRIAk zuzenean emango du saio berezi batean biharko hasiera ekitaldia.

18. KORRIKAREN HASIERA MARTIN UGALDE KULTUR PARKEAN. JON  URBE, ARGAZKI PRESS
2015eko martxoaren 17a
17:50
Entzun

Egun bat besterik ez da falta, eta Korrikaren abiatze eguneko xehetasunak ezagutarazten ari da AEK. Ostegunean hasiko da Euskal Herria zeharkatuko duen lasterketa, 17:00etan, baina egun osoko egitaraua antolatu dute euskaltzaleentzat.

Xehetasunak Baionan eman zituzten atzo AEK-ko Iparraldeko lehendakari Maider Hegik, lehen egunaren arduradun Graxi Hirigaraik eta Urepeleko Adur elkarteko kide Miren Harinordokik.

Arratseko bostetan abiatuko da Korrika herriko plazatik. Lehen kilometroan Iparraldeko AEK-ko irakasle eta irakasle ohiek eramango dute lekukoa. Bigarrenean, Adur euskara elkarteko, Urepeleko jai batzordeko, Urepeleko herriko etxeko eta Xalbador Eguna elkarteko ordezkariek. Hirugarren kilometroan, berriz, Urepeleko Korrika batzordeak du lekukoa hartuko.

Egitaraua eta oharrak

Festa, baina, 11:00etan hasiko da, haurren Korrika Ttikia eta karrikako animazioarekin (gaiteroak, erraldoiak...). Eguerdian, ezker paretan herri bazkaria antolatua dute urepeldarrek, ibarreko bertsolari eta kantariekin. Plazan bertan kantaldia ere egonen da, 16:40an Korrikaren ekitaldi nagusia hasi arte. Arestian esan bezala, handik gutxira,  17:00etan Korrikak Bankarako eta Baigorrirako bidea hartuko du. 

Urepele oso herri txikia izanik, autobus antolatuetan joateko eskatu dute antolakuntzatik. Hainbat ohar eman dituzte garraioaren inguruan. Urepeleko bidea itxita izanen da 09:00etatik 18:00etara. Hori dela eta, aparkaleku bereziak prestatu dituzte: Alduden autoentzat eta Bankan autobusentzat. Urepelera igotzeko autobus joan-jinkariak egongo dira, 11:00etatik 18:00etara.

Euskarazko hedabideen saio bateratua, 15:45etik

Urepelera joan ezin denak, ordea, izango du aukera abiatze ekitaldia zuzenean ikusteko. "Korrikaren moduko ekitaldi baten garrantzia aintzat hartuta", elkarlanean ariko dira EITB, Kanaldude, Hamaika telebista, Ipar Euskal Herriko Hitza eta BERRIA, Euskal Irratiak, Kazeta.eus, Tokikomeko hedabideak eta Herria. Aitzin-saioa 15:45ean hasiko da eta BERRIAk zuzenean emango du.

15:45ean hasiko da aitzin saioa, eta 16:00etatik aurrera izango da emanaldi nagusia. Ilaski Serrano ETBkoa eta Pantxika Maitia Kanaldudekoa izango dira aurkezleak Urepeleko platoan, eta, horiez gain, beste hedabideetako kazetariak berriemaile lanetan ariko dira platotik kanpo, egun horretan Urepelen dagoen giroa telebistara eramateko.

Telebista saio hori ikusgai izango da ETB1 eta Hamaika telebista kateetan, Tokikom barruan diren tokian tokiko telebistetan, Euskal Irratietan eta Arrosa sarekoetan eta beste hedabideen webguneetan. "Auzolana eta elkarlana dira Korrikaren oinarriak, eta euskarazko hedabideok gure egin ditugu oinarri horiek", nabarmendu dute.

Hainbat elkarrizketa egingo dituzte saioan; besteak beste, Graxi Irigarai Korrikako tokiko antolatzaileari eta Miren Aire kantariari. 17:00etan abiatuko da Korrika, eta hasiera ekitaldia amaitu eta Korrika abiatzearekin batera amaituko da saioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.